Eskoriatzako Kirol Elkarteak 60 urte bete ditu aurten eta zapaturako zuten antolatuta ospakizunerako egitaraua. Jokalari beteranoak berriz elkartzea izan da momentu hunkigarrietako bat: "Bazkal osteko tertulietan ere lehengo jokalariak elkarrekin berriketan ikustea oso polita izan da. Saskibaloian, mendian, pelotan, sokatira, areto futbolean, futbolean... ibilitakoak etorri dira. Askok denbora asko egin dute taldekide ohiak ikusi gabe eta berriz elkartzean besarkadak eta kontakizunak sortu dira, natural. Oso polita izan da".
Egun guztian zehar egin zituzten ekitaldiak urteurrena ospatzeko eta denetan parte-hartze ona egon zela dio Jabi Corbal presidenteak: "Ederra izan da. Egun guztian ikusi da jai bat ari ginela ospatzen. Artikulu zaharrekin egindako erakusketara ere gerturatu da jendea. Hurrengo baterako saiatuko gara aurrez prestaketa egiten, batez ere jokalari ohi gehiago batzeko ahalegina egin gura dugu, polita izan da oso eta".