Eskoriatza Kirol Elkartea 1964an sortua da, eta, 1995era arte futbol taldea izan bazuen ere, gaur egun saskibaloian eta areto-futbolean ari da, nagusiki, hainbat kategoriatako taldeekin lehian. Hori horrela, kluba sortu zeneko 60. urteurrena ospatzeko hitzorduetako bat izango da zapatukoa, Eskoriatza Kirol Elkartearen Eguna.
Areto-futbol topaketarekin hasiko dute eguna, 09:00etan, eta gero, 11:00etan, jaiaren hasiera ofiziala egingo dute, Fernando Eskoriatza plazan. Puzgarriak izango dira, zumba egiteko tartea hartuko dute eta beteranoek saskibaloi partiduak jokatuko dituzte. Eskoriatzako Ad Libitium txaranga kalera aterako da eguerdian, jaieguna musikaz girotzeko, eta, horrekin batera, vintage arropa salmenta egingo dute. Hau da, Eskoriatza Kirol Elkarteak izan dituen aspaldiko zein gaur egungo kamisetak izango dira salgai. Bazkaltzen hasi aurretik, berriz, 13:30ean, talde beteranoen aurkezpena egingo dute.
Talde beteranoen aurkezpena
60 urtean Eskoriatza Kirol Elkarteak izan dituen kirol diziplinetako eta taldeetako jendea batu nahi dute talde-argazkia ateratzeko. "Sail guztietako kirolari guztiak batzea ezinezkoa izango da, baina eskupilotan, sokatiran, txirrindularitzan, areto-futbolean, futbolean… aritutakoak batu nahi ditugu. Ahal duena etor dadila; izan ere, aitortza txiki bat egin nahi diegu, eurak direlako klubaren historiaren parte", adierazi du Jabi Corbalek, Eskoriatza Kirol Elkarteko presidenteak.
Bazkaltzeko, berriz, urteroko ohiturari jarraituz, paella erraldoia prestatuko dute plazan. "Azken orduan, agian, izen-emateak gora egingo du, baina 200-230 lagun inguru egongo direla aurreikusten dugu", nabarmendu du Corbalek. Ondoren, karaokea eta saskibaloi jolasak izango dira, eta, 19:00 aldera, berriz, parrillada prestatuko dute. Horrekin batera, Patxi Luque bakarlariaren kontzertua izango da. Egun osoan, 11:00etatik aurrera, txosna egongo da kontzejupean, eta argazki erakusketa kultura etxean.
Egitaraua, osorik
9:00 – 12:00 Areto fulboleko topaketa, kiroldegian
11:00 Jaiaren hasiera, plazan
12:00 Puzgarriak, plazan
12:00 – 13:00 Zumba, plazan
12:30 Beteranoen saski partiduak, kiroldegian
13:00 AD LIBITUM, plazan
13:30 Talde Beteranoen aurkezpena, plazan
14:30 Paella erraldoia, plazan
16:00 Karokea, plazan
18:00 Saskibaloi jolasak, plazan
19:00 Parrillada, plazan
20:00 – 22:00 Patxi Luque, plazan
EGUN GUZTIA ZEHAR (11:00 – 22:00)
- Txosnak egongo dira kontzejupen
- Argazkien erakusketa egongo da kultur etxean
12:30 – 14:00 Vintage arropa salmenta