Aurreikuspenak ondo bidean, uztailaren 13an egingo dute Eskoriatzako rallysprinta, eta, autoen lasterketa aurrera eramateko, Eskomotor jaia izango da maiatzaren 25ean. Hain zuzen ere, rallysprinta antolatzeko dirua biltzea izango da jaia antolatzeko asmo nagusia. Egitarauari erreparatuz, egun osoko programa antolatu dute, eta ekintza guztiak Joseba Iñurrategi pilotalekuan izango dira.
Kirola eta festa uztartuta
09:00etan ekingo diote Eskomotor Egunaren bigarren edizioari, eta, horretarako, eskupilota txapelketa egingo dute –informazio guztia, Esko_Motor Instagram kontuan–. 10:00etan, berriz, ibilgailu klasikoen erakustaldia egingo dute; iaz herriguneko lau gunetan egin zuten arren, edizio honetan Luis Ezeiza Herri Eskolako kantxan izango dira ikusgai; hau da, frontoiaren kanpoko kantxan. Bertan, lasterketetako autoak, motorrak, 4x4 autoak eta auto klasikoak jarriko dituzte, zaleen gozamenerako. 13:00etan, trikipoteoa egingo dute herrigunean, eta 15:00etan, bazkaltzeko frontoira bueltatuko dira.
Musika protagonista
Bazkariko menua honako hau izango da: urdaiazpikoa eta zainzuriak, risottoa, txerri-saiheskiak parrillan eta sorbetea –txartelak salgai daude Inkernu tabernan, 25 eurotan–. Aurten, berezitasun moduan, Julene eta Unai bikotearen kontzertu akustikoa izango da bazkalostea girotzen. Ondoren, 18:30 aldera, eskupilotako finalak jokatuko dituzte. 20:00etan, aldiz, Kontralde, Oihu!, 112 eta Ostikoka taldeen punk-rock kontzertuak izango dira, eta, amaitzeko, Oier Mendizabal DJa arituko da musika jartzen.
Programako berrikuntzak
Iazko egitarauarekin alderatuta hobekuntza batzuk ezarri dituztela azaldu du Gorka Idigorasek, Eskomotor taldeko kideak: "Iaz egin genuen ibilgailu klasikoen erakustaldia leku bakarrera mugatzea erabaki dugu Eskomotor jaiaren bigarren edizio honetan; horrela, festa-gune osoa han zentratzeko. Horrekin batera, bazkalostean musika pixka bat jartzea ere erabaki dugu, pilotako finalak jokatzen hasi arteko hutsunea betetzeko. Horrekin batera, egitarauan ez agertu arren, barra jarriko dugu frontoian, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu festa horretara, giro ederra izango dugu eta".