Atxorrotx Kultura Elkartearen lanari balioa emateko ospakizuna

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mai. 10a, 09:41

Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko edizio bateko kontzertuan, jendetza Fernando Eskoriatza plazan.

Urteroko plangintzari jarraituz antolatu dute, beste urte batez, Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguna, zapaturako. "Ondo pasatzeko eta Atxorrotx Kultura Elkarteak urte osoan egiten duen lana aintzat hartzeko eguna izango da. Antolatzen ditugun ekitaldiak oso garrantzitsuak dira herriko kultura agenda proposamena indartzeko, eta herria bizirik mantentzeko, kultura ekitaldiak ezinbestekoak direla azpimarratzeko eguna ere izango da bide batez", adierazi dute Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek.

Eskoriatzako txistulariek emango diote hasiera egunari, eta, Fernando Eskoriatza plaza musikaz girotzeaz batera, Eskoriatzako Talogileen Taldeko hamabost lagun inguru arituko dira kontzejupean txistor- eta hirugihar-taloak egiten. Gainera, puzgarriak eta artisau jokoak izango dira, haurren gozamenerako, eta, horrekin batera, ziza kiloaren zozketa klasikoa ere egingo dute. "Beste edizio batez, egitarau oparoa antolatu dugula uste dugu Atxorrotx Kultura Elkarteko kideok. Aurten, berrikuntza gisa, trikitilariekin trikipoteoa egongo da. Kontuan hartu behar da Manuel Muñoz kiroldegian Fagor Ederlanen asanblada orokorra egongo dela; beraz, giroa egongo dela aurreikusten dugu. Bazkaltzeko, bestalde, 120 lagun inguru elkartuko gara Inkernu taberna kanpoan, eta aurten paella erraldoia izango dugu jateko".

Zapaturako antolatu duten Atxorrotx Kultura Elkartearen Eguneko ekintzak Fernando Eskoriatza plazan, Inkernu tabernan eta Inkernu taberna kanpoan izango dira.

• 11:00 Eskoriatzako txistulariekin kalejira.

• 12:00-14:30 Puzgarriak egongo dira Fernando Eskoriatza plazan, artisau jokoak, ziza txartelen salmenta, eta Eskoriatzako talogileen taloak egiten arituko dira kontzejupean.

• 13:00 Trikitilariekin kalejira egingo da.

• 15:00 Paella-jan herrikoia, Inkernu taberna kanpoan.

• 17:00 Andoni Ollokiegi musikariaren emanaldia Inkernu taberna kanpoan, bakarlari gisa, bazkalostea girotzeko.

• 18:00 Buruhandiak aterako dira Fernando Eskoriatza plazan.

• 19:00 Letagin taldearen kontzertua, Inkernu taberna kanpoan.

• 20:00 Ziza zozketako zenbaki sarituaren berri emango dute, Inkernu tabernan.

• 20:30 Inoren Ero Ni taldearen kontzertua, Inkernu taberna kanpoan.

• 22:30 Eskoriatzako DJ Pon eta Pin, Inkernu tabernan.

Musika ekitaldiak ardatz

Bazkalostea girotzen Andoni Ollokiegi musikaria izango da. Gaztea irratiko kolaboratzaileak, ahotsa eta gitarra lagun dituela, euskal kantutegiko pieza esanguratsuenak eroango ditu Eskoriatzara. Iaz izandako arrakastaren ostean, aurten ere bertan izango da formatu txikiko kontzertua ematen. "Musikarekin jarraituz, punta-puntako bi talderen kontzertuak izango ditugu: batetik, Andoaingo Inoren Ero Ni taldea. BAP! musika taldeko zenbait musikarik osatzen dute taldea; Euskal Herriko musika panoraman izena handiko musikariak dira. Bestetik, Oñatiko Letagin musika taldea ere izango dugu. Azkenaldian zeresana ematen ari den rock taldea da. Musikarekin amaitzeko, Eskoriatzako DJ Pon eta Pin ere izango ditugu musika jartzen, Inkernu tabernan, eguna borobiltzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak