Ohiturari jarraituz, maiatzeko lehenengo domekan Amaren Eguna izateaz batera, Atxorrotxeko Eguna ospatuko dute eskoriatzarrek, eta, bide ezberdinak hartuta, 738 metroko altuera duen tontorrera igoko dira zenbait herritar.
Hala, Atxorrotx mendiaren magalean mokadutxo bat jan eta zerbait edateko taberna izango da, urtero moduan, eta XVI. mendeko Gurutze Santuaren baselizako kanpaia jotzeko, baseliza pareko haitzeko kobazulotik pasatzeko eta lagunartean edo familiarekin goiz-pasa ederra egiteko aprobetxatuko dute askok. Horrekin batera, Erdi Aroko Nafarroako Erresumako Eneco de Orizen gazteluaren arrastoak ikusteko ere hartuko dute tartea baselizaraino igotzen direnek –azken indusketak 2009ko urrian eta 2010eko maiatzean, Naia Senper arkeologoaren eta Iñaki Sagredo historialariaren gidaritzapean–.
Eguna herrian hasi eta bukatu
Atxorrotx Eguna 09:00etan herrigunean hasiko da, Eskoriatzako txistulariek eskainitako dianarekin; eskoriatzarrek esnatu eta Atxorrotxerako bidea hartu dezaten. Gora igo eta zerbait hartzeko taberna egongo da, urtero moduan. "Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundea izan da urte luzez taberna jartzen egun honetan. Afrikan zituzten proiektuetara bidaltzen zuten irabazitako dirua; gero, Caritasera bidaltzen hasi ziren; eta iaz, San Pedro eta Intxaurtxuetako Bizilagun Elkartekoek hartu zieten erreleboa. Esperientzia ona izan arren, aurten ere eurek egon behar zuten, baina atzera egin dute. Hala, Atxorrotx Kultura Elkarteak hartu du taberna jartzeko ardura", adierazi dute Eskoriatzako Udaleko ordezkariek. Atxorrotxen goiz-pasa egin ostean, arratsaldean herrigunean jarraituko du jaiak. Izan ere, 18:00etan erromeria egongo da Fernando Eskoriatza plazan, Imanol eta Larrañaga bikotearekin.
Meza, egunez aldatuta
Atxorrotx Egunean bertan egin ohi da Santa Kurtz eguneko meza eta bailararen bedeinkapena, baina aurten ezinezkoa denez, egunez aldatu eta gaur, maiatzak 3, egingo dute. "Jose Migel Zubia Josemi arduratzen da Atxorrotx Egunean meza emateaz, baina hark ezin duenez eta gaur Santa Kurtz Eguna dela aprobetxatuta, Atxorrotxen bertan meza esango du 12:00etan, eta bailara bedeinkatuko du. Ea datorren urtean egunean bertan posible den meza eta bedeinkapena egitea", azaldu dute Eskoriatzako Udaleko ordezkariek.