Zer ari zara egiten Shanghain?
Apirilaren 8an hartu nuen hegaldia Zurichera (Suitza), eta handik Shanghaira; hamalau-hamabost orduko bidaia izan zen, gutxi gorabehera, eta gure filialera joan naiz, makinen ezagutzak gure lankide txinatarrei erakustera. Labur esanda, gure makinek dauzkaten azken teknologien ezagutzak erakustera etorri naiz hona; bai elektronikoki eta bai mekanikoki.
"Gure lankide txinatarrei makinak azaltzera etorri naiz Shanghaira"
Zenbat denborako egonaldia egingo duzu?
Horrez gain, zer egiten duzu egunerokoan? Shanghain lau aste egingo ditut. Aurreikuspenen arabera, maiatzaren 4an bueltatzea da asmoa, baina ikusiko dugu. Egunerokoari dagokionez, berriz, gure lankide txinatarrei makinen ezagutzak irakastera eta azaltzera etorri naiz, eta horretan dihardugu. 08:00etatik 17:00etara egiten dugu lan, baina 06:30ean irteten gara hoteletik; izan ere, ordu bateko bidaia dugu gure enpresara. Kunshan probintzian dago, Qiandeng herrian.
Luze doa egonaldia?
Hemengo bizitza oso frenetikoa da, eta oso azkar pasatzen da denbora. Euskal Herriarekiko sei orduko diferentzia dugu, eta bitxia egin zitzaidan jakitea kontinente osoan ordu bera dutela; gure kasuan, Portugalera hurbildu eta ordu aldaketa dugu. Egunerokoan murgilduta, eta etxekoez eta lagunez asko gogoratu arren, gustura nago Shanghain.
Kultura eta ohitura ezberdinekoak dira; ohitu zara horretara?
Hemen dena da bitxia guretzat: haien bizimodua, janaria, gurekiko jarrera oso abegikorra dute… Sekula ikusiko ez zenukeena ikusten da hemen, eta oso dibertigarria da, haien kultura erabat ezberdina delako gurearekin alderatuz. Hori horrela, denak txunditzen gaitu. Kanpotik ez eman arren, oso lasai bizi direla esango nuke.
Ikusi edo bizitako bitxikeriarik?
Shanghaik 24 miloi biztanle ditu, baina oso hiri isila da, ez dago zaratarik. Sekulako trafikoa dago, baina %70 auto elektrikoak dira. Beraz, ez da gure lurraldeko hiri batean entzun dezakegun moduko zalapartarik. Horrez gain, kalean argazkiak eskatzea ere ohikoa da. Hau da, gurekin nahi dituzte argazkiak; kar-kar-kar. Diru fisikorik ere ez da ikusten, ez dute erabiltzen, dena mugikor bidez ordaintzen dute. Gurekin alderatuz, arlo askotan askoz aurreratuagoak dira. Eraikuntzari dagokionez ere sekulako azpiegitura dago hemen, dena oso handia da, eta harritu ninduen lehenengo gauza hori izan zen.
Ez duzu lehenengo aldia han, ezta? Zenbat denbora egon zinen aurrekoan?
2022an izan nintzen Shanghain lehenengo aldiz. COVID garaian izan zen, eta hiru hilabete egin nituen hemen. Herrialdera sartzeko hamar eguneko konfinamendu bat egin behar izan nuen, eta protokolo oso zorrotza jarraitu. Denboran atzera eginez, sinestezina dirudi…
Laster bueltatuko zara herrira; aurrera begira, etorkizunean baduzu asmorik berriro hara joateko?
Hori ikusteko dago, batek daki.… Bikotekidearekin batera oporretan seguru bueltatuko naizela. Oso aberasgarria izaten ari da nire esperientzia hemen; ez soilik lan eremuan, baita pertsonalki ere. Izan ere, elkarrizketa osoan esan dudan moduan, gauza asko daude ikusteko, merezi du.