Erretiratuek domekan izango dute lehen irteera

Imanol Beloki Unamuno 2024ko api. 12a, 17:21
Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek batzar orokorra egin zutenekoa.

Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek antolatu dituzten egun osoko zein egunetarako irteerez gain, batzar orokorra apirilaren 16an egingo dutela jakinarazi dute. Horrekin batera, Interneteko iruzurren gaineko hitzaldia antolatu dute maiatzaren 14rako.

Olazar Erretiratuen Elkartuko juntako kideak aste honetan batu dira, esku artean dituzten ekintzak eta aurrera begirakoak fintzeko. Hori horrela, domeka honetan, apirilaren 13an, Castejon-Fitero irteera egingo dute.

Nafarroa Garaiko hegoaldeko udalerrian gidariarekin batuko dira Eskoriatzako erretiratuak, eta Marques de Montecierzo bodegan bisita gidatua egingo dute; hango ardoak probatu eta urdaiazpiko pixka bat jateko aprobetxatuko dute. Fiterora joango dira handik, eta hango bainuetxea ezagutuko dute. Bazkaria, berriz, Venecia hostalean egingo dute, eta bingoa eta dantzaldia izango dute egunari amaiera emateko.

Batzar orokorra, hilaren 16an

Asteburu honetako irteeraren ostean, berriz, datorren martitzenean, apirilaren 16an, batzar orokorra egingo dute Olazar Erretiratuen Elkarteko kideek. 18:00etan elkartuko dira, kultura etxean, eta han, besteak beste, 2024. urterako kudeaketa plana aurkeztuko dute, altak eta bajak adierazi, juntako kide berrien hautaketa egin eta abar.

Maiatzaren 4an, sagardotegira

Maiatzaren 4an, berriz, urteroko hitzordua izango dute; hain zuzen ere, Urnietako Oianume sagardotegira bazkaltzera joango dira. Izena eman nahi duten interesdunek erretiratuen bulegoan eman beharko dute, eta bazkaltzera joateaz gain Irungo sagardo egunera joango direla lehenbizi adierazi dute antolatzaileek. Sagardoaren giroan murgildu, eta gero, bapo bazkaltzera eta txotx egitera. Olazar Elkarteko bazkide direnek 55 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek, berriz, 60 euro.

Interneteko iruzurren gainekoak

Maiatzaren 14an, bestalde, Internet bidez egiten diren iruzurren gaineko berbaldia izango dute, Laboral Kutxa banketxeko pertsona batek gidatuta. 18:00etan izango da, kultura etxean, eta elkarteko zenbait kidek dituzten zalantzak argitzeko tartea izango dute.

Marokora astebete

Maiatz amaieran, bestalde, Marokora joango dira Olazar Erretiratuen Elkartekoak, hain gustuko duten irteera luzea egitera. Astebeteko bidaia izango dute, maiatzaren 18tik 25era, eta han zenbait ekintza egingo dituzte: Bahia jauregia, Udaiarren kasbah gotorlekua, Saharako dunak… Madrileraino autobusez joango dira eta bertatik irtengo dira bidaian, hegazkinez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak