Pazko Asteko opor egunetarako ekintza egitaraua prestatu du Eskoriatzako Udalak, eta, horren baitan, Manuel Muñoz kiroldegiko eskaintza bikaina izango da herriko txikitxoentzat. Izan ere, beste urte batzuetan moduan, puzgarriak jarriko dituzte igerilekuan, eta adinaren arabera banatuta sartzeko aukera izango dute bertako jolasetara.
Txikienak lehenbizi
Hain zuzen ere, ordutegiari erreparatuz, 17:00etatik 18:30era 8 urtera arteko haurrentzat irekiko dituzte ateak, eta heldu batek lagunduta joan beharko dute uretako puzgarrietara –nagusiek ez dute ordainduko–. 18:30etik 20:00etara bitartean, 9 urtetik 12 urtera artekoek, biak barne, izango dute aukera jolasetan aritzeko. Kasu horretan, ez dute nagusi baten laguntza ezinbestean izan behar.
Prezio sinbolikoa
Prezioari dagokionez, kiroldegian abonatuak direnek doan izango dute sarrera, eta abonatuak ez direnek, berriz, hiru euro ordaindu beharko dituzte.