Gimnasio berrirako ekipamendua hizpide

Imanol Beloki Unamuno 2024ko mar. 27a, 09:44
Martxoko ezohiko osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde mahaietako kideak hautatzeko zozketa egiten

Manuel Muñoz kiroldegian egiten ari diren gimnasiorako ekipamendua hornitzeko materiala izan zuten berbagai udalbatzako kideek martxoko ezohiko osoko bilkuran; eta interesa piztu zuen apirileko hauteskundeetako hauteskunde mahaien zozketak.

Martxoko ezohiko osoko bilkura egin zuten Eskoriatzako udalbatzako kideek martxoaren 21ean. Bertan landutako gai azpimarragarriena izan zen Manuel Muñoz kiroldegiko fitness eta kardio aretoen ekipamendua leasing bidez –alokatze eta eroste sistema mistoa– hornitu, jarri eta mantentze-lanak egiteko kontratazioan espedientea onartzea eta lehiaketarako deialdia egitea. Hala ere, gai-zerrendara erreparatuz, interes handiagoa izan zuten apirilaren 21ean Legebiltzarrerako hauteskundeetan hauteskunde mahaietako kideak hautatzeko zozketan nor irten zen jakiteko.

Kiroldegiko lanak, martxa onean

Manuel Muñoz kiroldegiko gimnasio berrirako ekipamendua hornitzea izan zuten hizpide Eskoriatzako udalbatzako kideek martxoko ezohiko osoko bilkuran. Urtarrilean hasitako lanak martxa onean doazela azaldu zuen lehenbizi Edorta Zubizarretak, Eskoriatzako alkateak, eta, aurreikuspenen arabera maiatzerako bukatuta egongo direla azaldu zuen. Horrez gainera, Mikel Luengok, Eskoriatzako Udaleko Kirol zinegotziak, gaineratu zuen aurreikusi baino lehenago amaituko dituztela lanak: "Gimnasioa lehenago bukatuta egongo den arren, makina berriekin hornituta irailerako egongo da. Lizitazioa atera dugu 150.000 eurokoa, makina berriak erosteko. Aukeratuta ditugu nolako makinak nahi ditugun, eta espero dugu jendearen gustukoak izatea…".

Aurreikuspenen arabera, maiatzerako amaituta egongo da gimnasioa

Horren baitan, oposizioko kideek proiektuarekin bat egiten dutela azpimarratu zuten, nahiz eta leasing bidez egitearekin ez dauden guztiz ados. Hain zuzen, Josu Ezkurdiak, Eskoriatzako EAJko bozeramaileak, esan zuen "pozik" daudela eurek proposatutako obra aurrera doala ikusita: "Obrak egin eta gero, gimnasio berria hornitzeko makinak jartzea izan da gaur onartu duguna. Asko pozten gaitu aurreko agintaldian martxan jarri genuen proiektuaren lekukoa EH Bilduk hartu izanak. Proiektuaren nondik norakoak martxan jarri genituen, erabiltzaileekin ere izan ginen ekipamendua definitzeko, eta, proiektua aurrera bidean, albiste pozgarria da. Hala ere, inbertsioei erreparatuz, ez dakigu bestelako proiekturik egingo den. Guk, esaterako, kultura etxean musika eskola proiektua jartzea edo bidegorria Gatzagako mugaraino egiteko proiektuak jartzen ditugu mahai gainean… Gure asmoa elkarlanean proiektu hauek proposatzea eta aurrera eramatea da".

Hauteskunde-mahaiak osatzeko izendatutakoak

Datorren apirilaren 21ean izango diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetako mahaiak osatzeko zozketa egin zen martxoaren 21eko plenoan, eta zozketan ateratako pertsonen zerrenda publikatu du Eskoriatzako Udalak. Hemen zerrenda osoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak