Maitena Monroy: "Benetan soberan dagoena patriarkatua da"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko mar. 8a, 12:03

Maitena Monroy, martitzenean, Eskoriatzako kultur etxean liburuarekin. (Argazkia: I.A.A.).

1987tik autodefentsa tailerrak ematen ditu Maitena Monroyk, eta argitaratu berri duen lehen liburua aurkeztu du asteon Eskoriatza herriko talde feministak antolatutako saioan.

Martitzenean Eskoriatzan aurkeztu zuen Maitena Monroyk (Bilbo, 1972) Autodefensa feminista. Más allá de aprender a decir no liburua.

1987an hasi zinen autodefentsa tailerrak ematen, baina duela hilabete batzuk kaleratu duzu lehen liburua; zergatik orain?

Uste nuen beharrezkoa zela feminismoaren arrakastaren uneren batean ezartzen ari garen erremintak definitzea, jaio zireneko zentzu politikoa gal ez dezaten. Liburua emakumee nahiz gizonezkoendako erreminta bat da, identifikatzeko zenbateraino barneratuta dauzkagun sinesmen, aurreiritzi, genero arauketa... patriarkatuak. Hortik aurrera, identifikatuko dugu egunerokotasuneko matxismoa, eta erremintak eta baliabideak edukiko ditugu despatriarkalizatzeko. Patriarkatua ez da adierazten indarkeriarekin bakarrik, baizik eta emakumeak diskriminatzen dituen edozein elementutan agertzen da. Badago tendentzia bat patriarkatua "izu sexual" formatuan agertzeko, baina badakigu. Orduan, gure burutik kanporatu behar ditugu "izu sexual" horretako eszenatoki guztiak.

Más allá de aprender a decir no dio zure liburuak; zer esan nahi duzu horrekin?

Gaur egungo emakumeok ezetz esaten diogu patriarkatuari, matxismoari... Askotan, arreta jartzen da indarkeriaren biktima diren emakumeengan, baina arreta biktimarioaren gainean jarri behar da. Orain gauden unean ez da legitimatzen, baina bai justifikatzen da gizartean, eta arreta jartzen da emakumeengan esanez falta zaiguna dela mugak jartzea, autoestimu falta edo ahalduntzea. Baina benetan soberan dagoena patriarkatua eta matxiruloak dira.

Liburuan eta ikastaroetan autodefentsa feminista eta autodefentsa ezberdintzen dituzu; zein da ezberdintasuna?

Ondo dago fisikoki defendatzea. Baina identifikatu behar dugu zenbateraino idealizatu dugun mendekotasuna. Norbaitek pentsa dezake nola idealizatu dezakegun mendekotasuna, baina praktikan egiten dugu. Hortaz, autodefentsa feministak bilatzen duena da teoria feministaren bitartez identifikatzea eguneroko matxismoa. Ezinezkoa da zerbait egitea indarkeria matxistaren aurrean ez badaukagu teoria feministarik ulertzeko indarkeria hori.

Zertan lagunduko dio zure liburuak gizarteari?

Uste dut liburua gure bizikidetza hobetzeko datorrela, eta gizartearen ongizatearen alde lan egiteko. Azkenean, teoria feministak eta feminismoak gizarte mugimendu bezala bilatzen duena da denon bizitzak hobetzea arrakalak dauden injustizia guztiak ezabatuz. Uste dut erreminta bat gehiago dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak