Emakumeok bidea eraikiz lelopean egingo dute oinezko martxa, eta Aretxabaletatik Eskoriatzarako bidea egitea tokatzen da aurten ere. Horrekin batera, ohitura dutenez, bi omenaldi egingo dituzte: lehena Aretxabaletan martxa irten aurretik eta bigarrena Eskoriatzan, martxaren amaieran. Aretxabaletan, 1970. urteko futboleko emakume taldeko kideek jasoko dute aitortza; eta Eskoriatzan, berriz, Rosa Lasagabasterrek.
12:00etan Aretxabaletan hasita
Aretxabaletan aitortza ekitaldia egin eta 12:00etan hasiko da oinezko martxa, eta, Eskoriatzara iristerakoan, parte-hartzaileentzako zozketak egingo dituzte, tortilla-pintxoak izango dira… Gero, Eskoriatzako omenduaren txanda izango da; 13:00 aldera egingo diote aitortza Lasagabasterri. 14:30ean, Zuk ekarri zuk jan bazkaria egingo dute. Eta, amaitzeko, dantzaldia izango da.
UDAko emakumeei aitortza
Ikastolen alde dirua ateratzeko, 1970. urtean Aretxabaletako emakumezkoen hiru futbol partidu jokatu zituzten. Lehenengo biak Oñatiko nesken aurka eta bestea Urretxuren aurkakoa izan zen. Lehena Aretxabaletan jokatu zen, eta partidu ostean luntxa izan zuten Gurean. Partidu hartan 25.000 pezeta batu ziren, ordurako kopuru polita. Kopuru hura ikastolen sorrerarako laguntza izan zen.
Lasagabasterri omenaldia
Rosa Lasagabasterrek (Eskoriatza, 1971) lorpenengatik eta bere ibilbideagatik jasoko du aitortza. Gaztetan kirol askotan aritzeaz batera, 2000. urtean AEBetara joan zen urtebeteko beka batekin mendi talde batera lanera. 2002an, Zegama-Aizkorriren lehen edizioarekin bat eginez, mendi-maratoia irabazi zuen. Haren lorpenik handiena mendizale gisa, berriz, 2003an Espainiako Mendi Lasterketako Buff Grand Prix Kopan hirugarren postua lortzea izan zen.
ROSA LASAGABASTER OMENDUKO DUTE
Sorpresazko gonbidapena
"Pozik baina sorpresaz jaso dut Aretxabaletako UDAk eta Eskoriatzako Aresko saskieskolak domeka honetarako antolatu duten Aresko Emakumeen Martxaren seigarren edizioan omenaldia edo aitortza gonbidapena. Ez nuen espero ni izatea hautatuetako bat, eta hori nagusitzen ari garen seinale dela esango nuke…", dio Lasagabasterrek. Ekimenak dituen balioekin bat egiten du kirolari eskoriatzarrak, eta omendu beharreko emakume asko daudela nabarmendu du: "Ekimen oso polita da, eta, egitasmo honen arrazoia emakume kirolarien lana aitortzea izanda, poztekoa da nitaz gogoratzea. Hala ere, Areskoko ordezkariekin labur hitz egin nuen, eta badirela emakume gehiago ere esan nien aitortza merezi dutenak… Baina, bueno, oraingoan ezingo dut ihesik egin, eta bertan izango naiz. Emakumeen martxa 12:00etan Aretxabaletan hasten den arren, 13:00etan Fernando Eskoriatza plazan egoteko eskatu didate. Ez didate informazio gehiagorik eman…".