"06:00etan elkartuko gara eta 06:30ean irtengo gara Eskoriatzatik. Ordurako abereei jana emanda utzi beharko dugu, eta, lan guztiak eginda. Izan ere, 08:30ean Meagas-en (Getaria) egin dugu hitzordua, Oriotik irteteko. Bertan, Urola kostako herrietako baserritarrekin batuko gara eta Donostiarako bidea hartu. Bailaratik ez dakit zenbat joango garen…", adierazi du Josu Zurutuzak.
Hiru zutabetan antolatuta
Donostiara iristeko hiru zutabetan antolatu dira baserritarrak. Batzuk Legorreta, Tolosa eta Andoaindik joango dira; Orio eta Urbil merkatalgunetik beste batzuk; eta Errenteria eta Garbera merkatalgunetik beste batzuk. Tolosaldeko kasuan Tolosako Arzabaltza industrialdetik aterako dira 09:00etan.
Lan egiten uzteko eskaera
Nekazaritzan eta basogintzan lan egiten duen oro protestara gonbidatu nahi ditu Zurutuzak, batez ere, bailarako baserritarrei, "burokraziak ez digu graziarik egiten" esanaz. "Baserritarrei pixka bat gehiago laguntzeko eskatuko dugu Donostian. Paperak betetzeaz nazkatuta gaude, eta, lan egitea da nahi duguna. Kostaldekoek, esaterako, gertu dute Donostia, bertara protestan joateko, guk zailago dugu. Baina, zerbait lortu nahi badugu, protesta egin behar dugu. Bertan, burokrazia pixka bat kentzeko eskatuko dugu, eta baserritarrei lana erraztea, ea zerbait lortzen dugun…".