Taldetan banatuta irtengo dira kalera ikastetxeetako neska-mutikoak kantuan. Urdelardero abestia abestuko dute ziria eskuetan dutela, eta, gozokiak eskatzen eta jasotzen pasako dute goiza.
Zapatuan, mozorro desfile-lehiaketa
Urdelardero Egunaren ostean, zapatu-inauteria izango da Eskoriatzan festa eguna. Ad libitium txaranga hasiko da kaleak alaitzen eta baita trikilariak ere. Biek hartuko dute parte 13:00etan egingo den mozorro desfile-lehiaketan. Desfilea Luis Ezeizako patiotik Santa Marina plazara egingo da, eta mozorro lehiaketan parte-hartzeko beharrezkoa da desfilean parte-hartzea.
Inauterietako bazkaria , berriz, Manuel Muñoz kiroldegian egingo da, 14:30ean. Mahaian koadrilak elkarrekin esertzeko leku erreserba egiteko whatsappez idatzi (650 49 51 66), eta baita menu bereziak (begano, zeliako…) eskatzeko ere. Bazkalostean, dantzaldia egongo da Moto DJarekin kiroldegian bertan eta edonori irekita dagoen hitzordua izango da, ez bakarrik bazkarian parte-hartzen dutenentzat. 18:30, plazan, berriz, mozorro lehiaketaren sariak banatuko dira, eta ondoren, dantzaldia hasiko da Laket taldearekin.
Aratuste-martitzenean euskal jaia sustatzera
Luis Ezeiza eta Arimendiko ikasleak, denak batera, kalejiran abiatuko dira kiroldegira, eta bertan, 11:00etan, ohiko ekitaldia egingo dute, azken asteetan prestatzen ari diren abesti eta dantzak eskainiz. Jaialdia Manuel Muñoz kiroldegian izango da: ikasleak kantxan egongo dira; eta familiakoak eta ikusleak, harmailetan.
Arratsaldean, Eskoriatzan hutsik egiten ez duten kukumarroak irtengo dira, 17:15ean. Kultura etxetik aterako direnak puxikak astintzera.
Herri inauteria
Ondoren, 18:15 pilotalekutik irtenda, herri inauteritako kalejira hasiko da, Hartza eta Mielotxin euskal herri inauteria bultzatzeko ahalegin berezia egin nahi da eta horregatik herritar guztiak animatu nahi ditu Eskoriatzako Udalak, Aratuste-martitzenean, euskal inauteriko jantziak jantzita kalean ibiltzera.
Kalejira plazan amaituko da, eta 18:45etan inauteri dantzak egingo dira. Dantzaldia bukatzeko, Eduardo Gorosarri musikari eskoriatzarrak sortutako Nasteborraste piezan oinarritutako dantza estreinatuko da. Eguna borobiltzeko, erromeria egingo da plazan, herriko txistulariekin.