Jateko lekuari irtenbidea emanda, kintaden festa zapatuan

Imanol Beloki Unamuno 2024ko ots. 2a, 09:00

2006an jaiotako eskoriatzarrek tantaia jaso zutenekoa.

2006an jaiotakoak santa eskean arituko dira, dantzak egingo dituzte plazan… Baina aurretik, bihar, Kinttaden Eguna izango dute. Bigarren urtez antolatutako herri bazkarian izango dira, eta haiekin batera, guztira, hamasei kintada batuko dira han.

Eskoriatzako Kinttaden Egunaren hamabigarren edizioa izango da aurtengoa, eta zapatuan ospatuko dute eskoriatzarrek. Santa Ageda neska-mutilak herriko kaleetan ateratzean giro handiagoa izateko helburuarekin sortutako jaia izanda, kintada bakoitza berearekin elkartu, bazkaldu, eta eskoriatzarren artean harremantzeko egun seinalatua izango da. Beste behin, herriko tabernetan, jatetxeetan eta elkarte gastronomikoetan lekua falta dagoenez eta herritik irten beharrik ez izateko, herri-bazkaria egingo dute zenbait kintadak Manuel Muñoz kiroldegian, iaz moduan. Tartean, aurten, Santa Ageda neska-mutilak izango direnek, hau da, 2006an jaiotako eskoriatzarrek.

Kiroldegian hamasei kintada

Eingeinke Kultura Ekimenak jarri zuen martxan egitasmoa, eta, eguna zehaztuta –normalean, otsaileko lehenengo zapatua–, ez da ezer antolatu beharrik izan, iazko urtera arte. Izan ere, urtero izan dute kintadek elkarrekin bazkaltzeko tokia aurkitzeko arazoa, eta iaz, Itzartu Gazte Asanbladako kideek hartu zuen eguna antolatzeko ardura; hala, bide batez, arazoari konponbidea eman zioten.

Hamasei kintada batuko dira Manuel Muñoz kiroldegian bazkaltzeko

"Eingeinke desagertuta dagoela kontuan hartuta, Kinttaden Eguna antolatzeko erreleboa Itzartu Gazte Asanbladak hartu du. Iaz, herri bazkaria egin zen, zenbait kintada batuta, eta aurten modu berean egingo da. Bazkaria antolatzeko, asanblada irekia egin dugu interesdunen artean, eta kintada bakoitzeko bi ordezkari izan dira bilera horretan. Haiek hartu dute norberaren kintadan izango diren lagun kopuruak zehazteko eta ordainketak egiteko ardura. Hala, aurtengo Kinttaden Egunean, kiroldegian, behintzat, hamasei kintada batuko gara, guztira", adierazi du Garazi Iglesiasek, Itzartu Gazte Asanbladako kideak.

Errespetuz jokatzeko eskaera

Kiroldegian bazkalduko dutenek 25 euro ordainduko dituzte; menua –21 eurokoa–, BEZa eta garbiketa kostuak kontuan hartuta. Hain zuzen, iberikoak eta entsalada izango dituzte, oilaskoa eta saiheskiak parrillan eta limoi-sorbetea postrerako, ogiarekin, edariekin eta kafearekin batera. Horrekin batera, txotx egiteko kupela jarriko dute, iaz moduan. Horren harira, errespetuz jokatzeko eskatu dute antolatzaileek: "Denon ardura da errespetuz jokatzea; hau da, kiroldegi barruan debekatuta dago erretzea, eta etxafuegoak eta antzerako material arriskutsuak ezin izango dira sartu".

Txarangak girotuta

Iaz, bazkalostean dantza egiteko tartea izan zen, eta aurten, berriz, txaranga izango da. "Musikaz girotu nahi genuen arratsaldea; batez ere, kiroldegitik plazara bidea egiteko eta geroko poteoa girotzeko. Hala, Txorongo Txaranga egongo da 18:00etatik 21:00ak arte". Honekin batera, nahi izan duenak, euro 1 bat jarrita, 21:00etatik aurrera, dj-a jartzeko proposamena egin dute.

2006an jaiotako eskoriatzarrek hilaren 5ean eta 11n egingo dute dantza, plazan

Dantzetan, hankak altxatzera

Astelehenean, otsailaren 5ean, 19:00etan, 2006an jaiotako Santa Ageda neska-mutilek egingo dituzte dantzak, Fernando Eskoriatza plazan. "Urte hartan jaiotako 37 lagun ari gara astean birritan entseatzen, eguaztenetan eta eguenetan, Gabonak ezkero. Izan ere, azterketak ere izango genituela jakitun, lehenbailehen hasi nahi genituen entseguak. Ez dakit 37ok egingo dugun dantza herritarren aurrean, baina gehienok animatuko gara…", dio 2006an jaiotako Iraia Diaz de Gereñuk aurtengo Santa Ageda neska-mutilen taldeko ordezkariak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak