Imanol Arregi areto futboleko entrenatzailea 22 urtez Osasuna Magna Xotako entrenatzailea izan da, eta aurten eman dio amaiera talde irurtzundarra zuzentzeari. Xota taldea Nafarroako areto futboleko taldea da, eta hogeita laugarren denboraldia jarraian jokatzen ari da Espainiako Lehen Mailan. Hala, Arregi esperientziaduna da kirol horretan, eta, Eskoriatza Kirol Elkarteko kideek miresmenez begiratuta, azalpenak emateko ekartzea lortu dute.
Erasoko teknika hizpide
Haren ibilbide profesionalaz arituko da saioan; erasoan landu daitezkeen teknikak azaleratuko ditu, eta, agian, haren etorkizunaz ere jardungo du. Japoniako Nagoya Oceans taldeak begiz jota du, eta baliteke hurrengo denboraldian entrenatzaile gisa han aritzea. Izan ere, Imanol Arregi Estatuko entrenatzailerik errespetatuenetakoa eta kotizatuenetakoa da, eta baita udako merkatuko zalantza handienetako bat. Azken erabakia harena den arren, Nagoya Oceans taldeak fitxatuko duela aurreikusten da.
Areto Futboleko Liga Nazionalak Ohorezko Mailako ligako entrenatzaile onena izendatu zuen, eta zenbaitetan jaso du Espainiako Entrenatzaileen Komiteak banatzen duen sari preziatua; hau da, Areto Futboleko Estatuko Elkarteak eskaintzen duen Magna saria. Kasu horretan, gizonezkoen lehen mailako entrenatzaile onena izendatu zuten. Horrez gain, kirol elkarteentzat eta Federazioak antolatutako saioetan aritu izan da hitzaldiak egiten.
Jokalariak, entzun eta ikastera
Hirugarren Mailako Eskoriatza areto futbol taldea mailari eutsi nahian ari da, eta, lan horretan, sailkapeneko azken postuetatik irteteko urratsak egiten ari da. Asteburu honetan Mondrateren aurka izango du derbia, eta, partidua amaituta dagoela izango dute aukera Imanol Arregi areto futboleko entrenatzailearen saioa entzuteko.