Eskoriatzan eman zaio hasiera Binakako Emakume Master Cup txapelketari

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urt. 21a, 15:58

Jendea batu da Joseba Iñurrategi pilotalekuan, binakako txapelketako lehen jardunaldiko partiduak ikustera; hiru partidu jokatu dira, bi pilota mistoko gazteen mailan eta pilota mistoko elitean beste bat

Eskoriatzako Joseba Iñurrategi pilotalekuak hartu ditu gaur eguerdian, 2024ko Binakako Emakume Master Cup txapelketako lehen jardunaladiko neurketakk. Guztira hiru partida jokatu dituzte, bi pilota mistoko gazte mailan eta beste bat pilota mistoko elite mailan; aurten guztira 72 pilotari arituko dira txapelketan.

Pilota mistoko gazteen mailan jokatu den partiduan, Uxue Gomez eta Alize Sardui erraz nagusitu dira Aroa Lekerikabeaskoaren eta Haizea Barainkaren aurka, 18 eta 2 irabazi ostean. Ondoren jokatu da pilota mistoko promesen mailako neurketa, non, Maddi Ugaldek eta Udane Ozaetak osatutako bikoteak 18 eta 8 irabazi die, Maialen Gaston eta Malen Mena bikoteari.

Jaialdiko azken neurketa, berriz, pilota mistoko elite mailan Arraiza-Arrilaga bikoteak eraman du neurketa, Oronoz-Goinetxe bikoeta 22 eta 11 menderatu ostean. Partidaren amaieran Goiena Miriam Arraiza pilotariarekin izan da eta partiduaren gakoa atzeko koadroetan egon dela aitoru du: "Arrillagak indar handia dauka eta jokua atzera bota dugu. Abantaila genuen, baina partida gogorra izan da eta tanto bakoitza borrokatu behar izan dugu". Txapelketa garaipen batekin hastea "garrantzitsua" dela ere adierazi du Arraizak, eta, helburuei buruz galdetuta, asmoa beti "irabaztea" dela esan du, baina, batez ere, "disfrutatzea".

Antolatzaileak "gustora"

Partiduak eguerdian izanik, jende dezente batu da herriko pilotalekuan Binakako Emakume Master Cup txapelketako partiduak ikustera, eta antolatzaileak ere gustora agertu dira lehen jardunaldiak emandakoarekin. "Frontoia beteta egon da eta jendea ere animatuta ikusi dugu. Gainera partiduak ere borrokatuak izan dira eta oso gustora gelditu gara" dio Ane Fuentes antolatzaileak. Pilotariak ere eskertuta agertu dira jendeak emandako erantzunarekin. "Eskertzen da jendea gerturatu izana, animoak entzuten ditugunean gehiago gozatzen da" adierazi du Arraizak.

Finala Arrasaten

Txapelketa gaur hasi da eta zortzi asteburutan luzatuko da. Martxoan jokatuko dira finalak eta hauen eszenatoki izango da Arrasate. Bailarako kutsua izango du aurten txapleketak, izan ere, bertako pilotariak ere izango direlako lehian; hauek baina hurrengo jardunaldietan sartuko dira lehian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak