Traktore gainean iritsiko dira ilusioa banatzera

Imanol Beloki Unamuno 2023ko abe. 21a, 12:11

Iaz, Olentzero eta Mari Domingi, Eskoriatzako erdigunera iritsi berri, traktore gainean eserita.

Domekan, goizean hasita izango dira ekintzak herriko plazan, eta 18:00etan iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi. Hiru egunetan izango da haurrentzako jolas-parkea kiroldegian, eta Silbestradiek ere ez du hutsik egingo urtea amaitu aurretik.

Gabonetara begira hitzordu ugari antolatu ditu Eskoriatzako Udalak, eta horietan kuttunena abenduaren 24rako prestatzen den egitaraua izaten da. Egitarau xume baina berezia; batez ere, herriko txikienentzat. Izan ere, 12:00etan, Fernando Eskoriatza plazara iritsiko dira Olentzeroren eta Mari Domingiren laguntzaileak haurren eskutitzak jasotzera. Horrekin batera, Gabon kantak abesteko tartea hartuko dute, baita bertan prestatuko dituzten gaztaina erreak jateko ere. Ondoren, 13:00etan, Trikitixa Eskolako ikasleekin kalejira izango da.

Arratsaldean, berriz, 18:00 aldera, Olentzero eta Mari Domingi traktorean iritsiko dira herrira Apotzagan behera, eta herrian zehar ibilbidea egingo dute. Gozokiak botako dituzte traktore gainetik, eta haurrek eurekin argazkiak ateratzeko aukera ere izango dute, bide batez, urte osoan zein ondo portatu diren azpimarratzeko.

Gabonetako parkea kiroldegian

Abenduaren 26an, 27an eta 28an Gabonetako jolas-parkea izango da Manuel Muñoz kiroldegian. Jokoak eta jolasak abenduaren 26an igerilekuan izango dira eta 27an eta 28an, berriz, kiroldegiko kantxan. Bi txandatan banatuko da parkerako sarrera: 3 eta 8 urte bitartekoek 17:00etatik 18:30era bitartean heldu batekin lagunduta joan beharko dute; eta 9 eta 12 urte bitartekoak, berriz, 18:30etik 20:00etara bitartean. Bertan, puzgarriak, tailerrak, ohe elastikoa, Wii eta Xbox-ekin jolasteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta, kantxarako egun baterako sarrera bost euro bada ere, jolas-parkean eskainiko duten zerbitzu osorako bonua ere erosi ahal izango dute, hamar eurotan; hau da, igerilekuko parkera sarrera eta bi eguneko kantxako parkerako sarrera.

Silbestradie, beste urte batez

Aurten, XIV. Silbestradie eta XI. Manuel Muñoz Milia jokatuko da, abenduaren 31n. Herri lasterketa da, eta lagunartean mozorrotuta irteteko ohitura ere izaten da –kasu horretan, mozorro onenari saria ere izaten da–. 11:00etan, haurren izen-ematea eta aurpegi margotzea izango da, eta 12:00etan hasiko da 14 urtetik beherakoen lasterketa. Txistor-jana izango da 12:30ean, eta arratsaldean, 17:00etan, helduen izen-ematearen ostean, topa egin eta 17:30ean hasiko da lasterketa. Proba amaitzean, berriz, luntxa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak