Araceli Telletxeak, Beheko Errota Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, lapurretak egoera kritikoan utzi du musika eskola: "Lapurtu duten materiala musika eskolakoa da, eta beraz klaseak emateko arazoa dugu orain. Abenduko zubiaren ostean apurka-apurka hasi ginen lapurtu zigutenaz konturatzen. Material informatiko berria genuen jarrita, izan ere, ekainean musika eskola urez bete zitzaigun, eta jarri berri genuen ordenagailu berria… lapurtu digute; horrez gain, bi akordeoi, bost biolin, hiru gitarra elektriko, gitarra klasikoa, anplifikadorea… Ez dakit nola egingo diogu aurre egoerari. Behintzat ez dizkiete lapurtu instrumentu pertsonalak ikasleei".
Laguntza eske
Lapurreta horrek egoera kritikoan utzi du musika eskola, eta ez dakite nola jarraituko duten klaseak ematen instrumentu barik. Hori dela eta, Beheko Errota Musika Eskolak laguntza eskaera egin dio herriari, dirua behar baitute instrumentuak erosteko, nahiz eta bigarren eskukoak izan, eta eskoriatzarrei eskatzen diete bakoitzak ahal duen neurrian egin dezala ekarpen ekonomikoa. Musika Eskolatik azpimarratu dutenez, "edozein kopuru ongi etorria izango da".
Ondoren zehazten diren bi kontu-zenbakietako edozeinetan egin daiteke diru-sarrera, Dohaintza kontzeptu gisa jarrita.
- Laboral Kutxa: ES88 3035 0044 86 0440004015
- Kutxa: ES33 2095 5038 45 1061029202
Eraikinarekin ere arduratuta
Hamazazpi urte daramatzate musika eskolakoek eraikin horretan, eta, lekualdatzeko gogoa ere badutela azpimarratu du Araceli Telletxeak: "Korronteak dituen lekua da, hotza… Aurreko agintaldiarekin hitz egin genuen, orain ere hartu-emanean gaude berriarekin… ikusiko dugu. Hala ere, orain funtsezkoa da desagertu zaigun materialak utzi digun egoerari buelta ematea".