Honakoak izango dira Inkernu tabernan egingo den garagardo dastaketan probatuko dituzten garagardo artisauak:
- Saltus (Araba)
- Baobier (Elgeta)
- Higer (Hondarribia)
- Bagabiga (Donostia)
- Gerrigardo (Eskoriatza)
"Garagardotegi bakoitzetik zerbeza bana probatuko dugu. Garagardo bakoitza aztertu, zaporeak dastatu… Horrekin batera, zerbeza egiteko prozesua ere izango dugu berbagai, eta horretaz Gerrigardoko kideak arduratuko gara. Gainera, edariarekin ondo ezkontzen den jana ere prestatuko du Bittor Barandiaran sukaldari eskoriatzarrak", adierazi du Aritz Oiangurenek, Gerrigardo garagardotegiko kideak.
Izena emateko bi bide jarri dituzte interesdunen eskura: "15 euroko prezioan, txartela erosi daiteke Inkernu tabernan edo formularioa beteta ere eman daiteke izena; ordainketa ondoren egingo dute azken hauek", adierazi du Aritz Oiangurenek, Gerrigardo garagardotegiko kideak.
Edariaz batera, jatekoa
Bost garagardo izango dira garagardo dastatzean eta batetik besterako hutsuneetarako hiru pintxo prestatuko ditu Bittor Barandiaranek: "Halako dastaketetan bi maridaje modu egiten dira: afinitatearen araberakoa eta kontrastekoa. Ohikoa ez bada ere, ahoa garbitzeko maridajea ere egiten da –adibidez garagardo beltz bat hartu ezkero, zerbait mikatza sartzea ahoa garbitzeko–. Hala, hiru maridaje horiek sartzea da nire asmoa. Ikusiko dugu…", adierazi du Bittor Barandiaran sukaldari eskoriatzarrak.