Jazarpen-egoerei aurre egiteko lanketa aurkeztuko dute astelehenean

Hasier Larrea 2023ko aza. 17a, 12:14

Azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta, hezkuntza ez formaleko hainbat eragilek adin txikikoen jazarpenaren aurka landu duten protokoloa aurkeztuko dute Luis Ezeizan; Kultur Etxean hitzaldia egingo dute ostean.

Hezkuntza formalean indarrean dago jazarpen egoerei erantzuteko protokoloa, baina ez-formalean ez. Horregatik, adin txikikoekin jarduten duten Eskoriatzako elkarte ugaritako kideak, tartean musika eskola, ingeles akademia, kiroldegi, gazteleku, ludoteka, kenpo elkarte eta liburutegikoak, jazarpen egoerak atzemateko formazioa jasotzen aritu dira asteotan, Udalaren ekimenez: "Pil-pilean dagoen gaia da eta jende askok erakutsi du ardura; Gaztelekuko nerabeekin hasi ginen gaia lantzen gizarte zerbitzuetako teknikariok, eta ondoren hainbat eragileri eskaini diegu formazioa", azaldu du Maider Etxanizek, Eskoriatzako Udaleko Gazteria saileko teknikariak.

Lehen urrats hori emanda, protokolo bateratu bat adostu dute, horrelako egoeren aurrean erantzuteko. Gainera, irudi bat ere diseinatu dute, pertsona helduek osatutako etxe baten itxurakoa, jazarpenaren kontrako babeslekuak identifikatzeko: "Irudi hori herriko hainbat zerbitzugunetan jarriko dugu, bertan protokoloa martxan jartzeko tresnak daudela adierazteko". 

Bada, egindako lanketa eta aipatutako irudia jendaurrean aurkeztuko dituzte azaroaren 20an, Haurren eta Nerabeen Eskubideen Nazioarteko Eguna dela aprobetxatuta. Luis Ezeizan egin dute hitzordua, 17:00etan. Jazarpenaren kontrako argazkia aterako dute lehenengo, prozesua azalduko dute gero, eta, azkenik, 18:00etan, Kultur Etxean, bullying egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu izango du hizpide Ortzadar elkarteko Itsaso Zuberogoitiak.

Bullying-a aztergai

Gurasoengan hausnarketa bultzatzeko hitzaldia izango da, eta, hezitzaileak GOIENAri azaldu dionez, hainbat ildo jorratuko ditu: "Gatazka eta bullying-a desberdindu, bullying-ean sakondu, ziberbullying-arekin lotutako grooming eta sexting kontzeptuei aipamena egin, lehen jazarpen kasuak ze adin tartetan gertatzen diren zehaztu, erasotzaile eta biktimaz gain ikuslearen profila ere badagoela adierazi, eta adimen emozionalean oinarrituta prebentzioa nola egin azaltzen saiatuko naiz".

Etzi, pelikula

Gaiarekin jarraituz, aurreko egunean, hau da, domekan, Un pequeño mundo filma proiektatuko dute Zaldibar antzokian, 19:00etan. Eskola jazarpen kasu bat kontatzen du, eta ez da gomendagarria haurrentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak