Atama Kenpoko gazteek indartsu datozela erakutsi dute Espainiako txapelketan

Hasier Larrea 2023ko aza. 13a, 17:01

Villagarcia de Arousan –Galizia– jokatu dute asteburuan klubeko bost kidek, guztira hamar domina lortuta. Danel Calero eta Zuhaitz Legorburu kadeteentzat lehen esperientzia izan da Espainia mailan, eta neurria eman dute.

Beste hiru urre, lau zilar eta hiru brontze pilatu ditu Atama Kenpo taldeak palmaresean, gazteen ekarpen nabarmenarekin. Orain arte tokiko txapelketetan parte hartu izan dute Danel Calerok eta Zuhaitz Legorburuk, beraz, asteburukoa berezia izan da haientzat: "Nazio mailan sekula ez zuten jokatu, baina euren aurkariek bai, autonomia erkidego batzuetan alebinetan hasten direlako, EAEn, berriz, kadeteetan. Hortaz, bazekiten aurrean ibilbide luzeagoko aurkariak izango zituztela, eta hala eta guztiz ere, bikain aritu dira", azaldu du Rafa Carriet entrenatzaileak.

Hain zuzen, Legorburuk urrea erdietsi du 70 kilo baino gutxiagoko kategoria jarraituan, zilarra semi-kenpo kategorian, eta brontzea submission kategorian. Calerok, ostera, zilarra poltsikoratu du 63 kilotik beherako submissionean.

Senior mailan beste hiru borrokari aritu dira, guztira sei domina eskuratuta. Arianne Piñero 55 kiloz azpiko fullkenpoan txapelduna izan da, erdikenpoan azpitxapelduna eta kategoria jarraian hirugarrena. Joseba Izurrategik ere kolore bakoitzeko domina bana ekarri ditu etxera, kasu honetan 9o kiloz azpikoetan. Eta azken ordezkaria, Najih Douali, bosgarren postuarekin konformatu behar izan da.

Maila absolutuko borrokalariei buruz, zera esan du epaile lanetan ere aritu den Carrietek: "Joseba eta Arianne aspaldi hasi ziren lehiatzen, azkenaldian etena izan dute, baina argi eta garbi geratu da gaur egun maila onean daudela".

Arrasateko ordezkaritza ere egon da Galizian, Ziorla Kenpoko Alberto Narrok, Erik Martinek eta Yerai Martinek osatutakoa. Bi brontze eta zilar bat lortu dute hiruren artean, bakoitzak bere kategorian.

Nazioartean lehiatzeko aukerekin

Hala, emaitza onak lortu dituzten kenpolariek Espainiako selekzioaren deia jasotzeko aukerak izango dituzte: "Maiatzean Turkian jokatzekoa da nazioarteko txapelketa, eta Eskoriatzako dozena erdi kide hara joateko kinieletan sartuko dira".

Gertuen duten hurrengo hitzordua abenduaren 6an Donostian jokatuko den Invictus torneoa izango dute Atamakoek, MMA modalitatean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak