Ardo bereziak edatera, kroketekin lagunduta

Imanol Beloki Unamuno 2023ko aza. 10a, 08:31

Iazko ardo dastatzea Euskaraldirako muntatutako karpa barruan egin zen.

Zapatu honetan, Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatuta, ardo bereziak dastatzeko aukera izango da Fernando Eskoriatza plazan, 18:30etik aurrera. Kroketa bereziak ere jarriko dituzte salgai, eta erromeria izango da Eskoriatzako txistulariek girotuta.

Atxorrotx Kultura Elkarteak antolatutako urteroko hitzordua izan ohi da ardo dastaketa. Hamaseigarren edizioa izango da aurtengoa, kontuan hartuta, pandemia urtean bertan behera geratu zela. Ekintza antolatzearen helburua, berriz, egiten hasi ziren urtean bertan ezarritako berdina da: "Betiko ardoetatik pixka bat atera, eta eskaintza zabaltzea da asmoa, hau da, normalean tabernetan topatzen ez diren ardoak dastatzea. Horrekin batera, urteroko hitzordu garrantzitsua dela uste dugu Atxorrotx Kultura Elkarteko kideek, eta mantendu beharrekoa, kontuan izanda herritarren erantzuna oso ona izaten dela", adierazi du Iñaki Kortazarrek, Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak.

Zapatuan, 18:30etik aurrera

Iluntzeko hotzari, hala egiten badu behintzat, ardoarekin aurre egiteko zita izango dute zapatu honetan, 18:30etik aurrera Fernando Eskoriatza plazara gerturatzen direnek. Ardo onduak eta kanpoko ardo bereziak probatu ahal izango dituzte, baita mokadutxo ederrak jan ere. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ikuskizun egunarekin bat egin izan du ardo dastaketak, baina aurten ez da horrela izango, azken edizioetan moduan.

"Azaroko zapatu batean egin izan dugu beti ardo dastaketa; hileko hirugarren edo laugarren zapatuan, normalean. Gainera, beti saiatu izan gara pailazoen ikuskizunarekin bat egiten, baina azken urteetan ez dute kontziditu; aurten ere ez. Hala ere, uste dugu harrera ona izango dugula", adierazi du Kortazarrek.

Ardoa eta kroketak

Hamaika ardo mota ezberdin izango dira probatzeko. Horien artean, txuriak, beltzak eta cava bereziak. Galiziako ardoak izango dira, baita Nafarroakoak, Arabar Errioxakoak, Kataluniakoak, Aragoikoak, Extremadurakoak eta Dueroko Erriberakoak ere. Adibidez, honako hauek: Valtea Albariño, Maruxa Godello, Vizcarra, Habla el silencio, 3 Picos, Milleniun Ondarre…

Edariari laguntzeko, berriz, beste edizio batzuetan, odolki-pintxoak eta Pates Zubiaren eskutik foie-pintxoak jarri izan dituzte ardo dastaketan, baina, aurten, Kroketxea-ren aldeko hautua egin dute antolatzaileek; urdaiazpiko-kroketak eta trufa eta Goenaga kremazkoak izango dira bertan gozagarri: "Foiearen prezioa neurrigabea izanda, kroketa bereziak izango ditugu aurten. Kroketxearen gaineko iragarki bat ikusi genuen, beraiekin egon ginen, produktua eskaini ziguten, gustatu zitzaigun, eta aurrera. Kroketen kontsumitzailea, gainera, oso orokorra da, hau da, haurrentzat zein helduentzat izan daitezke; beraz, funtzionatuko duelakoan gaude", dio Kortazarrek.

Txartel bidezko sistema

Txartel bidezko urteroko sistema erabiliko dute aurten ere antolatzaileek. Kopa bat ardo hartzeko edo pintxo bat jateko, tiket bidezko funtzionamendua izango da. Hau da, tiketa erosi beharko da lehenengo, eta, gero, edatekoa edo jatekoa eskatu. Hori horrela, tiket bakoitzak 2 euroko prezioa izango du, eta pintxo bakoitzak ere berdin; hala, pintxoak zein ardoak tiket bakarrarekin eskuratu ahal izango dira. "Aurten, berritasun moduan, mahai bat jarriko da tiketak erosteko, eta edalontziak euro bat ordaindu beharko dira, eskudirutan".

Zerbitzatzen, dena antolatzen, kroketak frijitzen eta bestelako lanetan Atxorrotx Kultura Elkarteko kideak edo laguntzeko prest dauden herritarrak arituko direla adierazi du Kortazarrek; aldez aurretik, eskerrak eman dizkie horiei guztiei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak