Eskoriatzako ordenantza fiskalak: %2,6ko igoera orokorra

Imanol Beloki Unamuno 2023ko aza. 3a, 09:10

Urriko osoko bilkuran batutakoak, osoko bilkuren aretoan.

Eskoriatzan, urriko ohiko osoko bilkura egin zuten hileko azken eguenean, eta bertan, besteak beste, 2024ko ordenantza fiskalak orokorrean %2,6 igotzea onartu zuen EH Bilduren Udal Gobernuak (6 boto), oposizioan dagoen EAJren kontrako botoekin (3).

Udal Gobernuko kideek aurkeztutako proposamenak baiezko sei boto izan zituen, eta, alderdi jeltzaleak, berriz, kontrako hiru boto eman zituen. Igoera orokorraz gain, herritarrek egindako ekarpenak ere txertatu dituzte ordenantza fiskaletan.

Igotzearen arrazoia: 3 lizitazio

Dorleta Sologaistoa Eskoriatzako EH Bilduko bozeramaileak ordenantza fiskalak igotzea arrazoitu zuen: "Gure proposamena sakon aztertu dugu; herritarrei eragiten die, eta oso kontuan hartu dugu hori. Hiru lizitazio berri izan ditugu: etxez etxeko lizitazio berria, batetik; igoera oso handia izan du; izan ere, bost urtez izan dituzte soldatak izoztuta. Bestetik, lorezaintza zerbitzua dugu, eta kale garbiketari ere aurre egin behar diogu. Osoko bilkuran aipatu da Foru Funtsa jasoko dugula, eta ondo etorriko da, baina ez da diru nahikoa izango hiru horien igoerak aplikatzeko. Gainera, igoera hauek zuzenean langileriaren soldatetara joaten dira, eta uste dugu soldata duinak behar ditugula. Inori ez zaio gustatzen igoerak aplikatzea, baina zerbitzu duinak izateko egin beharreko zerbait da".

Herritarrek egindako bi ekarpen ere izan dira. "Batetik, kiroldegiko kantxaren erabilerari dagokiona. Orduka alokatzen dutenen artean, %80 kiroldegiko bazkide badira ordainduko dute; bazkide ez direnek, berriz, ez dute sarrera ordaindu beharrik izango. Bestetik, hiri-lurren balio igoeraren gaineko zergaren ordenantza fiskal arautzailea. Eskualdatze bat dagoenean aplikatzen den zerga da; lehen karga igotzen joaten zen, eta %15ean gelditu. Orain, 20 urtetik aurrera %8an mantenduko da karga hori. Horrela, kolpe txikiagoa da urte batzuetatik aurrera".

Oposizioak, kontrako botoa

Josu Ezkurdia EAJko bozeramaileak honela azaldu zuen ezezkoa ematearen arrazoia: "Uste dugu ez dela une egokia tasak eta zergak igotzeko. Udal Gobernuaren ardura genuenean pandemia izan genuen, Ukrainako gerra…, eta tasak oso gutxi igotzea edo izoztea planteatu genuen, eta horregatik berdina egiteko adierazi diogu Bilduren Udal Gobernuari".

Alegazioak aurkezteko epea

Udalbatzarrak 2023ko urriaren 26an egindako bilkuran hasierako onespena eman zion, 2024. urteko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo diren ordenantza fiskalei. Aipatutako  akordioa eta tramitatutako espedienteak informazio publikoan jarri dira, interesdunek aztertu eta egoki iritzitako erreklamazioak edo alegazioak aurkez ditzaten.

  • Alegazioak aurkezteko azkeneko eguna:  abenduak 15
  • Alegazioak aurkezteko tokia:
    • Presentzialki: H@ZI zerbitzua (08:00etatik 14:30era)
    • Online

Epe horretan alegazio edo erreklamaziorik jaso ezean, hartutako erabakia behin betiko onartuta geldituko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak