Bidegabekeriak salatuz, giza eskubideen alde

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 27a, 16:49

EskoZap-ekoek egindako muralaren alboan egingo da murala zapatuan.

Arte para el buen vivir izeneko jaia antolatu dute zenbait eragilek zapatu honetarako. Hain zuzen ere, giza eskubideen aldeko festa jarduerez betetakoa izango da, eta horietako zenbaitetan izena eman beharko da aldez aurretik.

Bihar, zapatua, giza eskubideen alde eta bidegabekeriak salatu eta ikusaraztearen alde lan egiten duten zenbait erakundek eta kolektibok jaialdi bat antolatu dute Eskoriatzan. Arte para el buen vivir izenburupean, egun osoan zehar ekintza artistikoak, kulturalak eta komunikatiboak egingo dituzte.

Jarduerez betetako eguna izango da, eta 10:00etan emango diote hasiera Fernando Eskoriatza plazan egun hau prestatu duten kolektiboetako ordezkariek; Debagoieneko Ezker Kultur Gunea, Bakea eta Elkartasuna Fundazioa, Lumaltik Herriak, Festivales Solidarios eta Munduko Medikuak. Eskoriatzako Udalaren laguntzarekin antolatu da, eta antolatzaileek herritar guztiak animatu dituzte hitzorduetan parte hartzera.

Murala Zubiateko paretan

"Prestatu dugun programak jarduera guztietan aktiboki eta aurrez aurre parte hartzera animatzen ditu Debagoieneko herritar guztiak, askotariko jarduerak baitaude: tailerrak, zinema, erakusketa, hitzaldiak, film laburrak, etab. Era berean, egun osoan zehar jorratu ditugun gai guztiak batzen dituen gai solidarioei buruzko mural bat egingo da Gaztañadui kalean, Zubiateko labearen ondoko fatxadan. Land art estiloko mural artistikoa egingo du Anabela Turlione (@anitanimala) artistak. Azpimarratzekoa da, halaber, egun osoan zehar Munduko Medikuak elkarteko Karina Senatoreren Afrika (bir)kontatzen erakusketa egongo dela kultur etxean, eta 15:00etatik 18:00etara bitartean Fernando Eskoriatza plazan, arteen eta komunikazioaren tailerrak (grabatua eta serigrafia, gazteentzako irrati-lokuzioa eta ehunen birziklapena) egingo ditugula Festivales Solidarios elkarteko kideen laguntzaz. Eguna borobiltzeko, Eskoriatzako musikariek osatzen duten Ad Libitium txarangak herriko kaleak girotuko ditu", adierazi du Arte para el buen vivir jaialdia antolatzen aritu den Juan Luis Merinok.

Izen-ematea, QR kodearekin Jardueraren batean parte hartzen duen orok pintxo batzuk dastatu ahal izango dituela adierazi dute antolatzaileek. Gernika plazan, Plaza Txiki-n, jarriko dituzte, 13:30ak aldera eta 15:00ak bitartean. Hori horrela, jardueretan izena emateko, QR kode bat jarri dute programazioko karteletan.

 

EGITARAUA

Zapatua, urriak 28

• 10:00 Jaialdiaren hasiera, plazan.

• 11:00 'El arte como herramienta de transformacion social' hitzaldia, kultura etxean.

• 11:30 Hackeo digitaleko tailerra, kultura etxean.

• 12:30 Gorputz kontzientziaren tailerra haurrentzat, Gernika plazan.

• 13:30-15:00 Pintxopotea tailerretako parte hartzaileentzat, Gernika plazan.

• 15:00-18:00 Arte eta komunikazio tailerrak, plazan.

• 18:00 Giza eskubideen inguruko film laburren proiekzioak, Zaldibar antzokian.

• 19:00 Ad Libitium txaranga.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak