Deskontu-bonuak erosteko azken txanpa

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 20a, 17:43

Emakume bat bonuak erosten.

Eskoriatza Bizirik kontsumo bonuen bigarren kanpaina bukatzear da; urriaren 31 izango da horiek erosteko eta trukatzeko azkenengo eguna. Beraz, maiatzaren 29tik aurrera bonurik erosi ez dutenek bonua eskuratzeko aukera dute oraindik.

Eskoriatzako deskontu-bonuen azken ekitaldian, herriko 23 komertziok hartu dute parte, eta, 2.500 bonu jendaurrean salgai jarrita, horiek erosteko eta trukatzeko epea amaitzear da (urriak 31); 584 bonu geratzen direla salgai adierazi dute Eskoriatzako Udaletik. "Bonuen azken kanpainako helburua ahalik eta herritar kopuru handienari iristea izan da. Horretarako, 2.500 bonu atera genituen; aurreko kanpainetan faseka egin izan dugu bonuen salmenta, eta hobeto funtzionatu du. Hala ere, jendeak erabili ditu eta oraindik aukera dute horiek erosi eta trukatzeko", adierazi du Nerea Aranak, Eskoriatzako Udaleko Garapeneko teknikariak.

32 establezimenduk bat eginda

Orain arte bezala, 20 euro ordaindu eta 30 euro gastatu ahal izango dira, eta honakoak dira bonuak erabiltzeko herriko establezimenduak: ile-apaindegiei dagokienez, Ixkur, MkM, Kimu, Kiribil, Villar, Kuttuna edertasun zentroa eta Pauxa estetika; janari denda eta supermerkatuei dagokienez, Altuna harategia, Pagalday harategia, Aloña fruta-denda, Adam fruta-denda, Erosky City, Herriko denda, eta Donde Maria Coviran; bestelako denda eta zerbitzuei dagokienez, Dorleta liburudenda, Carmen mertzeria, Namaste belardenda, eta Erai osteopatia; eta amaitzeko, ostalaritza establezimenduetan: Akeita, Ilargi, Compostela, Goxo Txiki eta Maulanda.

Udaletxean salgai

Ibarraundi museoan izan dira saltzen herriko dendetan gastatzeko Eskoriatza bizirik deskontu-bonuak. Bada, uztailean, udaletxera lekualdatu zuten salmenta-puntua, eta, astegunetan, 08:30etik 14:30era egongo da aukera bonuak erosteko. Adinez nagusia izatea, Eskoriatzan erroldatuta egotea eta ordaintzeko kreditu-txartela erabiltzea dira horiek erosteko baldintzak.

Energia gastura bideratuta

Komertzioei laguntzeko bonuez gain, energia gastua finantzatzeko dirulaguntza ere ezarri du Eskoriatzako Udalak. "Laguntza horren helburua da baliabide ekonomiko urriak dituzten norbanakoen eta familien ohiko etxebizitzako energia-gastua finantzatzen laguntzea; hauek dira diruz lagundu daitezkeen gastuak: elektrizitatea, gasa edo beste erregai batzuen hornidura, eta baita komunitate-gastuak ere, horiek berokuntza barne-hartzen badute. Guztira 10.000 euroko laguntza lerroa zabaldu da. Laguntzaren zenbatekoa hilean 35 eurokoa izango da, familia-unitate bakoitzeko, eta gehienez 210 euro emango zaizkio familia-unitate bakoitzari", adierazi dute Eskoriatzako Udaletik –informazio gehiago udal webgunean–.

Saltokientzat, kanpaina berria

Tokiko saltokiei laguntzeko asmoz, Eusko Jaurlaritzak laster jarriko du hurrengo kanpaina martxan, eta Eskoriatzara ere iritsiko da programa, #EuskadiBonoDenda izenpean. Parte hartu nahi duten establezimenduek alta eman beharko dute parte hartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak