Ehiza denboraldia hastear, zozketa gaur

Imanol Beloki Unamuno 2023ko urr. 6a, 09:06

Aldaype elkartearen lokalean zozketa egun bateko irudia.

Gaur, egubakoitza, 17:00etan izango da aurtengo ehiza postuen lehenengo zozketa Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkartearen lokalean. Hala ere, datorren astetik aurrera, azarora arte, martitzenetan egingo dutela jakinarazi dute elkarteko ordezkariek.

Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkarteak antolatzen duen ehiza postuen zozketa, gaur, egubakoitza hasiko da, eta azaroaren 17an amaitu. Hala, gogoz gaude Aldaypeko kideak aurtengo ehiza denboraldiari ekiteko. "Iaz baino 12 lagun gutxiago ditugu Aldaype elkartean. Hala ere, 190 bazkide ditugu, guztira, eta aurreikusten dugu horien erdiak-edo etorriko direla zozketetara. Gainera, aurten, adineko jendearentzat sei postu berri egin ditugu Apotzaga aldean", adierazi du Nuno Monteirok, Aldaypeko presidenteak.

Nuno Monteiro: "Adineko jendearentzat sei postu berri egin ditugu Apotzaga aldean"

Ehiza postuen zozketari dagokionez, ez dagoela aldaketarik adierazi dute. 17:00etan hasiko dira zozketak, parte hartzeko derrigorrezkoa izango da Gipuzkoako Ehiza Federaziotik bidalitako zozketa txartela aurkeztea, eta pertsona bakoitzak txartel bat bakarrik aurkeztu ahal izango du. Joaten denak postu bat bakarrik eskura dezake, eta gerta liteke postu barik geratzea.

Zozketak martitzenetan

Ehiza postuen zozketa astero egingo dela jakinarazi dute Aldaypeko batzordekideek. "Gaurko zozketa urriaren 7an, 8an, 9an eta 10ean ehizatzeko izango da, eta, hilaren 10etik aurrera, martitzenero egingo dugu zozketa Aldaypeko lokalean".

162 postutik, onenaren bila

Aldaype elkarteak 162 ehiza postu kudeatzen ditu, eta bi eremutan banatzen dira: batetik, Lete, Apotzaga, Marin… elizateen inguruan dauden 89 postuak; eta bestetik, Aizkorri Aratz parkean, Alabita-Aranguren bitartean dauden 73 postuak. Zozketan, eremu bat edo bestea aukeratu beharko du ehiztariak, eta zortea izan postu bat tokatzeko eta, bide batez, ehizarako ona izateko. "Marin elizatearen aldean uso gehiago pasatzen dela diote, eta, Alabita aldean, berriz, birigarro gehiago. Ea aurten nondik jotzen duen haizeak… zorte kontua da".

Oyarzabal, Gipuzkoako txapelduna

Aldaype Ehiza eta Arrantza Elkartekoek beste urte batez antolatutako ehiza txikiko txapelketa jokatu zen joan den asteburuan Zanbranan (Araba). Bertan, Rafa Oyarzabal bigarren postuan sailkatu zen, eta, horrekin batera, Gipuzkoako txapelketarako sailkatu eta lehenengo postua lortu. Hala, Euskal Herriko txapelketarako sailkatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak