Balkanak: 1.000 kilometro bizikletan

Imanol Beloki Unamuno 2023ko ira. 29a, 10:00

Beñat Errasti, Iñigo Beitia, Jon Ibabe, Mikel Balanzategi eta Julen Etxabe bizikleta gainean, Balkanetan. Argazkia: Xabi Uriarte

Eskoriatzako Ostegun bidaiariak ekimenaren hamargarren edizioa izan da aurtengoa. Hiru bidaiaren kontakizunak entzun ahal izan dituzte Zaldibar antzokira gerturatu direnek, eta horietako bat izan da Beñat Errastik bost lagunekin egindakoa.

Eskoriatzako Udalak antolatutako Ostegun bidaiariak egitasmoan hiru hitzaldi eskaini dituzte aurten herritarrek; lehenengoa, Maialen Salidok eman zuen, eta Txekiar Errepublikan eta Eslovakian bizitako abenturak partekatu zituen jendaurrean. Bigarrenean, Balkanak: 1.000 kilometroko bizikleta abentura izenburupean, Beñat Errastik bost lagunekin egindako bidaia izan zen kontatutakoa, eta atzo, eguena, izan zen azken kontakizuna. Roman Ezeizak sei egunez Euskal Herrian zehar bizikletan egindako abentura kontatu zuen jendaurrean.

Irudiak eta bitxikeriak

Aurtengo edizioko bigarren kontakizunak osagai guztiak izan zituen: argazkiak, bideoak, bitxikeriak eta umorea, horien artean. Beñat Errasti, Xabi Uriarte, Iñigo Beitia eta Jon Ibabe eskoriatzarrek Mikel Balanzategi aramaioarrarekin eta Julen Etxabe arrasatearrarekin egindako bidaiaren berri eman zuten, Zaldibar antzokian. "Horrelako bidaiak egin izan ditugu bizikletan, eta oraingoan, Balkanetan egindakoaren berri eman genuen. Bizikletan, autobusean eta itsasontzian ibili ginen, eta hauxe izan zen egindako bidea: Kroazian, Dubrovnik hirian hasita, era zirkularrean, Bosnia, Kosovo, Montenegro, Albania, eta buelta, berriz, Dubrovnikera. Aurkezpenean, bizitako esperientzia kontatu genuen, eta, aurkezpen formala ez denez, oso gustura kontatu genuen. Bidaiaren prestaketa nola egin genuen, bitxikeriak kontatuz… Esperientzia ederra izan zen bidaia, eta baita kontakizuna ere", adierazi du Beñat Errasti eskoriatzarrak.

Edizio borobila

Hamargarren edizioarekin "pozik" agertu dira antolatzaileak, eta hizlariak oso ondo aritu direla adierazi du Mari Carmen Arrietak, Eskoriatzako Udaleko Euskara teknikariak: "Urtero profil ezberdinetako pertsonen kontakizunak entzuten ditugu, eta aurten ere horrela izan da. Iaz, esaterako, bi hizlari izan genituen soilik, eta, aurten, hiru kontakizun egitera bueltatu gara. Balkanen gaineko bidaiaren kontakizunean, esaterako, aurkezpen oso originala egin zuten, argazki eta bideoekin, bidaia nola antolatu zuten adieraziz… Maialenek ere oso kontakizun ederra egin zuen, eta Roman Ezeizak ere, Errastiren moduan, bizikletan egindako bidaia kontatu zuen, kasu horretan, Euskal Herrian. Egitasmoarekin pozik, datorren urtean ere antolatzeko asmoa dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak