Errekan Gorako oholtzan, indarra eta oreka eskutik

Hasier Larrea 2023ko ira. 15a, 09:06

Kokein taldeak irekiko du gaur, ostirala, Errekan Gora jaialdia.

Atxorrotx Kultur Elkarteak antolatzen duen urteko ekimenik arrakastatsuenak, Errekan Gora jaialdiak, 48 ordu paregabe dauzka aurretik. 15. aldian ere eutsiko dio berezko esentziari: anitza, tokikoa eta emakumeen presentzia handikoa izango da

Zuzeneko musika erauntsi batek hartuko du Eskoriatza gaurtik domekara. Talde oso desberdinei eskaini diete antolatzaileek agertokia ostera ere, hori baita Errekan Goraren osagai finkoetako bat: "Goiz, arratsalde eta gau, uneak eskatzen duen giroa sortzea da asmoa; egunak lasai samar hasi, pixkanaka gorantz joan eta bukaeran goia jo", azaldu du Iñaki Kortazarrek.

Hasi, bolumen betean

Iazko ildoari eutsi gura izan diote aurten, "indartsu hasi eta indartsu amaitzeko". Hala, gaur, ostirala, 20:00etatik arituko da DJ Loro gasteiztarra Inkernun kantu dantzagarriak jartzen, eta Zaloña Aurrekoa baserriko hanburgesak jateko aukera ere egongo da. Beranduxeago, 22:30ean, Eibarko Kokein talde rockeroak dena emango du Herriko Plazako oholtzan. Zaloa Urain abeslariak Arrasate Irratian aurreratu du Atomika azken diskoko kantuak eta zaharragoak uztartuko dituztela. Era berean, "asteburu osoan Eskoriatzan geratzeko tentazioa" daukala onartu du, "gozatu ederra delako toki berean hain egitarau anitza topatzea".

GOIZAK LASAI HASI, ARRATSALDEAK GIROTU ETA GAUETAN GOIA JOKO DU MUSIKA JAIALDIAK

Bihar, egun osoko plana

Zapatuko artistak dira horren erakusle. Irati Etxebarrieta eskoriatzar gazteak ZeDemontre lehiaketa irabazteagatik gonbidatu du Atxorrotxek, eta Kortazarrek aipatu moduan, keinu hori ohitura bihurtzea adostu dute Udalarekin. Bakarlari bezala aritzen den arren, oraingoan anaiaren perkusio doinuek lagunduko diote Etxebarrietaren gitarra eta ahotsari. Haien ostean Pasadena seikote gasteiztarraren txanda izango da, eta, Kortazarren esanetan, Gipuzkoan azken aldiz joko dute, taldea agur esaten ari baitzaie zuzenekoei. Arratsaldeko poteoa "garrantzitsua" denez, aurten ere kalejira baten alde egin dute, 2021ean bezala, Iruñerriko Broken Brothers Brass Band ekarrita. Eguzkia sartu eta gero, berriz, Xiberoots-en reggae kantuek dantzan jarriko dute Herriko Plazako publikoa.

Atsedenik ez domekan

Etzi eguerdian big band bati egingo diote tokia, Arrasate Musikaleko kidez osatutakoari, hain zuzen. Ikasle eta irakasleek bat egiten dute egitasmo horretan, eta ezaguna da sorpresaz betetako pilulak banatzea gustatzen zaiela beti. Hasi bezala, gorenean bukatzeko asmoz, Durangaldeko Nevadah-ri egokituko zaio hurrengo egunean astelehena izango dela burutik kentzea. "Aspalditik" dira herrian haien rockand-roll, garaje eta blues estiloko kantuak entzuteko gogoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak