Ilusio berrituekin ekingo diote denboraldi berriari

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ira. 15a, 12:00

Areto-futboleko taldekideak gola ospatzen. Argazkia: Imanol Soriano

Iazko denboraldi gorabeheratsua atzean utzita, areto-futboleko taldeak ilusioz begiratzen dio hurrengo astean hasiko den liga txapelketari. Hasiera berezia izango dute gainera, lehen neurketan Mondrateren aurka neurtuko dituztelako indarrak

Denboraldi-aurrea bere amaierara iristen ari da bailarako taldeentzat. Probak egiteko azken aukerak dituzte orain, ondoren akatsak garesti ordainduko direlako, behin lehiaketak hasitakoan. Hain zuzen, Eskoriatzako Kirol Elkarteko areto-futboleko taldea buru-belarri ari da, hurrengo astean hasiko duten liga txapelketa prestatzen. Denboraldi aurrean jokatutako partiduetatik bakarra irabazi dute eskoriatzarrek, baina, Mikel Alkaide entrenatzaileak aitortu du "sentsazio onak" izan dituztela, nahiz eta emaitzek gehiegi ez lagundu.

Goian egoteko helburua

Iazko denboraldia ez da areto-futboleko taldearen oroimenean geldituko. Duela bi urte igoerako play-offa jokatzeko sailkatu ostean, helburua berriz ere goialdean egotea zen, baina, zoritxarrez, bestelako errealitate bat bizitzea tokatu zitzaien. "Iazko denboraldia oso gogorra izan zen. Jende gutxirekin hasi ginen lehiatzen lan kontuak medio eta taldearen dinamika ere ez zen egokiena izan. Aurten, ordea, iaz baino ilusio handiagorekin gaude, eta, gainera, uste dut taldearen kohesioa ere hobea izango dela" adierazi du taldeko entrenatzaileak.

Era berean, ilusio hori errealitate bihurtu nahi dute kantxan, eta, aldi berean, "goiko postuetan" egoteko asmoarekin lehiatuko direla azpimarratu du Alkaidek.

Lau fitxaketa berri

Aurretik aipaturiko ilusio hori, gainera, taldea indartzera etorri diren fitxaketekin bat dator. Taldeak bi baja jasan dituen arren, lau fitxaketa egin ditu guztira taldea alor ezberdinetan indartzeko. Markel Urzelai eta Ekain Eriz jokalariak taldera itzuli dira denboraldi batzuen ostean, eta, "kanpotik" ekarritako fitxaketa bakarra Ander Martinez Txino-rena izan da. Azken hau, UDAko futboleko lehen taldetik iritsi da Eskoriatzara eta fitxaketa garrantzitsua dela azpimarratu du taldeko entrenatzaileak: "Kalitate eta teknika handiko jokalaria da, eta hori argi erakutsi du futbolean jokatu duenean ere. Gainera, gola duela ere erakutsi du, eta, hain zuzen, gola falta izan zitzaigun iazko denboraldian".

Baja eta fitxaketak kontuan hartuta talde sendoa osatu dutela uste du Alkaidek: "Uste dut kalitate aldetik pauso bat eman dugula aurten. Era berean, egia da bajak atzeko aldeari eragingo diola, baina, orokorrean, iaz baino talde orekatuagoa dugula esango nuke". Hiru fitxaketa hauei, Mikel Ezeizarena batu behar zaio fisioterapeuta bezala. Jokatzeko proposamena ezeztatu ostean, fisioterapeuta bezala arituko da.

Liga hasteko, derbia

Kirolari guztiek gogoko dutena lehiaketa izaten da eta, are gehiago, aurkari zuzenak edo ezagunak aurrean daudenean. Liga hasiera bizia izango dute eskoriatzarrek Mondrateren aurka jokatuko dutelako lehen jardunaldian. "Horrelako partiduak liga hasieran izatea ez da oso aproposa, ikusgarritasuna galdu dezakeelako, baina, derbi bat derbi bat da eta denboraldia irabazten hastea oso garrantzitsua izaten da" aitortu du Mikel Alkaidek.

Saskibaloiko kadeteak martxan

Areto-futboleko taldea ez ezik, saskibaloi sailekoak ere jada martxan dira. Esaterako, kadete errendimenduko taldeak denboraldi-aurreko bi neurketa jokatu ditu jada; lehen neurketa Bilbon jokatu zuten, eta bigarren partiduan, berriz, Bergarako taldea izan zuten aurkari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak