Aste honetan ekingo diete Ostegun Bidaiariei, Txekian eta Eslovakian geldialdia eginaz

Hasier Larrea 2023ko ira. 11a, 10:16

Eskoriatzarrek munduan barrena egindako bidaien berri emateko zikloak hamar urte beteko ditu aurten. Datozen hiru ostegunetan Zaldibar antzokian Txekia eta Eslovakiako, Balkanetako eta Euskal Herriko txokoetako bitxikeriak entzuteko aukera egongo da.

Irailaren 14an, 21ean eta 28an garatuko dituzte aurtengo Ostegun Ibiltariak, 19:00etan, Zaldibar antzokian, eskoriatzarrek egindako bidaien berri emateko helburuarekin; egingarriak diren bidaiak, gertukoek egindakoak eta gertutik azaldutakoak.  

Lehenengo saioko gonbidatua Maialen Salido izango da eta Txekiar Errepublikan bizitako abenturak partekatuko ditu. Haren esanetan, "herrialde hori aipatzean gehienoi Praga datorkigu gogora, baina herrialdeak beste aukera ugari ere eskaintzen ditu: postal moduko herritxoak, gaztelu ikusgarriak, garagardorik goxoenak edota Narnia filmeko basoa bezalako ipuinetako paisaiak". Eta mendia nahi izanez gero, aldamenean topatuko ditu bidaiariak: "Horretarako autoa hartu eta ondoan dagoen Eslovakiara jo genuen, Tatra mendikatera. Alpeen itxurako mendiak dira eta Poloniarekiko muga naturala osatzen dute".

Hurrengoak, bizikletan egiteko modukoak

Datorren astean, ostera, Balkanetako herrialdeak izango ditu hizpide Beñat Errastik. Bost lagunekin ibili zen Dubrovniken hasi eta bukatutako ibilbidea pedalkadaz pedalkada egiten. Tartean, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Montenegro, Kosovo eta Albania bisitatu zituzten, bide nagusiak alde batera utzi eta errepide galduetatik barrena Balkanetako bihotzean murgilduta.

Azken gonbidatuak, Roman Ezeizak, bizikleta izan zuen bidelagun baita ere, baina kasu honetan etxetik bertatik hasi zuen bidaia, Eskoriatzako Txalaparta jatetxetik. Sei egunetan Euskal Herriko txoko ugaritan egon zen, haren adiskide Manu Lagarekin batera.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak