Irudimenez betetako auzo-festa asteburuan

Hasier Larrea 2023ko ira. 7a, 13:12

San Pedro eta Intxaurtxuetako jai batzordeko kideak, astebarruan.

San Pedro eta Intxaurtxuetako auzotarrek txupinazoaren zain pasa dute astea, eta bihar, ostirala iritsiko zaie zapia janzteko unea. Datozen hiru egunetan atseden hartzeko asti gutxi izango dute, baina ondo pasatzeko nahi adina, bete-betea baitator asteburua.

Mimoz prestatu dute San Pedro eta Intxaurtxuetako jai batzordeko kideek beste behin herritar guztiek gozatzeko moduko egitaraua. 2019tik hirugarren aldiz antolatu dute aurten, eta badira finkatutzat har daitezkeen ekintzak. Txupinazoaren osteko buruhandiak, txistularien 10:00etako kalejirak,  zapatu goizeko gimnasia erritmikoko erakustaldia, eta osteko herri bazkaria, esaterako. Oraingoan 250 lagun batuko dira mahaien bueltan otordua egitera, "esperotakoa baino gehiago", Andoni Moto jai batzordeko kidearen esanetan.

Doinu dantzagarriak 

Berritasunak egongo direla ere gaineratu du. Ostiral arratsaldean, 19:00etan, musikari eskoriatzarrez osatutako Ad Libitum txaranga gonbidatu dute jai-giroari hasiera emateko: "Duela gutxi sortu dute taldea eta lehen aldiz etorriko dira auzora", aipatu du Motok, harro. 

Kanpoko musikariek ere izango dute plaza, esaterako, Kaiña Bi Trikifarra moduan ezaguna den bikote lasartearrak. Trikitia eta panderoarekin mugarik gabeko errepertorioa lantzen dute, tartean, Michael Jackson-en abestiak. Bihar eguerdiko poteoa alaituko dute horiek, 12:30ean hasita. Herri bazkariaren ondorengo karaoke saiorako berotzeko lagungarriak izango dira, seguru. 

Gauek ere antzeko bidetik jarraituko dute. Ostiralean, goizeko lauak arte arituko da DJ Moto musika jartzen, eta zapatuan Iratzar taldearen erromeria doinuak nagusituko dira. 

Domekako eskaintza musikala, berriz, auzoko nagusienei zuzendutakoa izango da, gazte zireneko kantuak jarriko baitizkiete 19:00etan, eta doako luntxa ere dastatu ahalko dute.

Etxeko txikienek, barraketan ibiltzeaz gain, jokoetan parte hartu ahalko dute zapatuan, 12:30ean. 19:00etan Ttiki Ttaka irratia, kantu alaiez egindako ikuskizuna, eskainiko zaie. 

Ttiki-ttaka irratia ikuskizuna (Argazkia: Adur ekintza kulturalak).

Domekan, azoka eta bingoa

Domeka goizean, 10:00etatik egongo dira erosgai artisau eta janari azokako produktuak. 40 ekoizle inguru animatu dira postua jartzera, zero kilometroko arropa, xaboi, bitxi eta elikagai asko topatuko ditu bisitariak, hortaz. 

Bazkalorduan Zuk ekarri zuk jan, hau da, norberak kudeatutako otordua egingo dute, eta, 16:00etan, draq estiloko bingoa. Aurkezlea BarbaraKaldo izango da, Las Fellini taldeko kidea eta El Conquisen azken edizioko partaidea. 

21:00etan, trakarekin emango dituzte festak bukatutzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak