All-Stars irabazle Eskoriatzako areto futbol txapelketan

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko uzt. 23a, 12:30

Camavinga Futsal taldearekin batera txapelketako bi talde onenak izan ziren finalera iristen, baina garaikurra All-Stars taldeak eraman zuen etxera

Duela lau urte jokatu zen azkenengoz Eskoriatzako areto futbol txapelketa eta gogotsu zeuden parte hartzaileak edizio berri onetarako. Zortzi talde izan ziren nor baino nor gehiago, goizean hasi eta gaueko 22:00etan jokatu zen finalera arte. Multzokako faseak jokatu zituzten goizean eta eguardi aldean, arratsalde iluntzean, aldiz, kanporaketen txanda iritsi zen. Hemen finalerako txartela eskuratu zutenak Camavinga Futsal eta All-Stars taldeak izan ziren; azken hauek eraman zuten kopa etxera

Giro paregabea izan zen nagusi egun osoan zehar Luis Ezeizako patioan, eta normala den moduan, lehia estua izan zuten parte hartu zuten zortzi taldeek. Hain zuzen erakutsitako jarrera ona azpimarratu nahi izan zuen Kimetz Zabala antolakuntzako kideak: "Oso balorazio ona egiten dugu. Giro aparta izan dugu eta ez da inolako arazorik egon, errespetua izan da nagusi talde guztien artean. Antolakuntzatik ere esker onak eman nahi ditugu lagundu diguten guztiei".

Bitxikeria modura, parte hartu zuten taldeen artean Arabatik etorritakoak ere izan ziren atzokoan Eskoriatzan. "Agurainetik eta Gasteizetik etorritako taldeak ditugu. Gainera, beste talde batzuetan ere kanpotik etorritako jokalariak izan dira. Polita da leku desberdinetatik jendea etortzen dela ikustea" adierazi zuen Zabalak.

Txapelketarekin jarraitzeko asmoa

Kasualitatea edo ez, Eskoriatzako areto futbol txapelketa lau urtetik behin antolatu dute, aurtengoa hirugarren edizioa izanik. Aurten izandako arrakasta ikusita, antolakuntzatik ez dute urtero jarraitzea baztertzen, baina ikusi egin beharko da. "Eguna nola joan den ikusita oso sentsazio onak ditugu antolakuntzatik eta espero dugu hemendik aurrera urtero antolatu ahal izatea txapelketa" aitortu zuen Kimetz Zabalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak