Noizbehinka antolatzen diren hitzorduak mimatzea garrantzitsua izaten da, xarma eta erakargarritasuna mantentze aldera. @eskofutsaltxapelketa Instagram kontuan elite mailako kiroletan ohikoa den eszenaratzea imitatu zuten atzo, kanporaketa-ligaxkak finkatzeko taldeen zozketa zuzenean emitituz. Herri mailako ekitaldi xumea izan arren, merezi duelako jarraitzaileen interesa elikatzea.
Izan ere, zapatukoa egun ederra izateko aldeko haizea sumatzen dute Luis Ezeiza areto futbol txapelketako antolatzaileek. "Jende askok jada oporrak hartu, eta, martitzenera arteko zubia egon arren, partaideen aldetik erantzun ona jaso dugu, eta eskertuta gaude", adierazi du Jokin Salidok.
Kopuru onargarria lortu dutela gaineratu du: "Deialdia egin genuenean, duela pare bat hilabete, hamasei taldeko gehienezko kupoa jarri genuen; izan ere, hamabiko txapelketa egitea izango litzateke borobilena, eta, azkenean, zortzi animatu dira. Tira, 2019ko hitzordua zazpi talderekin eroan genuen aurrera eta ondo joan zen; beraz, aurtengoa ere ildo beretik joatea espero dugu".
Herri eskolako kantxan baloiari ostikoka ibiliko direnak ez dira Messi, Mbappe, Modric eta halako nazioarteko izarrak izango, baina, behintzat, hainbat herritako futbolariak bertaratuko dira: Leintz bailarakoak eta Gasteiz eta Aguraingoak. Honako talde hauek lehiatuko dira: Dinamo Lakuabizkarra, All Stars, Gary Cooper, Sanj, Eskorpions, Camavinga Futsal, Zarugaldeko Tximistak eta Almen, hain zuzen.
Giro ona, ziurtatuta
10:00etatik 23:00ak ingurura arte izango dira partiduak. DJek musika jarriko dute tarteka, txosna eta hainbat sorpresa egongo dira, eta sariak lehen hiru taldeentzat eta jokalari eta atezain onenarentzat.