Zapatuan egingo dute, Aretxabaleta eta Eskoriatza artean, Eskoriatzako bigarren rallysprinta. Ibilbideak ez du aldaketarik, iaz proposatutako zirkuitu sigi-sagatsu eta teknikoan ibiliko dira bihar ere izena eman duten 55 pilotuak. Alegia, lehenengo bi txandak –12:00etan hasita– Aretxabaletan hasiko dituzte –Bainuetxe industrialdean–, eta, Eskoriatzara bitartean, Mendiolako lehenengo aldapatik hasi eta Lete, Eraña, Bolibar eta Agiñatik pasako dira, Atxorrotxeko zementuzko bidetik behera Eskoriatzara iritsi arte. Arratsaldeko beste bi txandak (15:40), berriz, Eskoriatzako plazan hasiko dituzte eta Aretxabaletan amaitu, ibilbidea alderantziz beteta.
Eskomotorrekoak, pozik
Bihar irteera-puntuan debagoiendar asko izango dira. Eta tartean, noski, pilotu eskoriatzarrak: Gorka Idigoras, Gorka Urrutia, Joseba Frutos, Unai Jurado eta Mikel Oiarzabal. Autoak puntuan jartzeaz batera lasterketa antolatzeko buru-belarri ibili dira lanean, eta, iazkoarekin alderatuta, aurten errazago egin dituzte aurretiko lanak. "Pozik gaude lasterketak rallysprintak harrera ona izan duelako eta aurten ere parte-hartze polita izango duelako. Eta horrekin batera, lasaigarria izan da ikustea ibilbidean zehar dauden auzoetako bizilagunek ondo hartu dutela bigarren edizioa antolatu izana. Iaz beldur ziren lehenengo edizioak sortu zezakeenagatik, baina ondo joan zen dena, eta aurten eurak ibili dira galdezka lasterketa egin behar ote dugun edo ez", dio Gorka Urrutiak.
Zorionez, zapaturako tenperaturak ez dira izango iazkoak bezain beroak. "Iaz, autoek mekanikoki asko sufritu zuten beroaren eraginez", dio Urrutiak, eta pilotuek ibilbidea ere hobeto ezagutzen dute. Izan ere, iaz lehenengo txandan izandako istripuek eragina izan zuten proban: "Rallysprintek hori dute, bai goraka eta bai beheraka joan behar dela azkar, eta ibilbidea ondo ez ezagutzeak ere baditu arriskuak. Gorabeherak dituzten zatiak dira, tarte batzuetan estuak, eta zorua ere denean ez da asfaltoa. Ibilbide teknikoa da, eta polita".
Lasterketako parte-hartzaileen zerrenda, hemen.