580 bazkidek osatzen dute Olazar elkartea, "baina batzordean lau kide ibiltzen gara buru-belarri ekitaldiak antolatzen, onena hamar lagun inguruko taldea izango litzakeen arren", zehaztu du Jasone Orbegozok. Hala eta guztiz ere, hemendik eta udazkenera bitartean aisialdi ekintza dezente aterako dituzte aurrera.
Gertuen tokatzen dena Egokiena elkartean egingo duten 80 urtetik gorakoen doako afaria da; uztailaren 20an egingo dute, 19:00etan, eta bi egun lehenagora arte egongo da izena emateko aukera. Interesa duena jubilatu elkarteko bulegora bertaratu daiteke asteartean eta ostegunean, 11:00etatik 12:00etara.
Bidaia motzak eta luzeak
Hilaren 18an irekiko dute, bestalde, beste izen-emate bat; kasu horretan, Donostiako Aste Nagusiko suzko errubera ikusgarriez gozatzeko irteerarena. Abuztuaren 17rako egin dute hitzordua, autobusa 17:00etan irtengo da eta bazkide zein bazkide ez direnak joan daitezke, 15 eta 18 euroko prezioan, hurrenez hurren.
Kanaria Handira joateko plana ere martxan dute. Hotel batean urriaren 17tik 24rako zazpi gau pasatzeko eskaintza da, eta 860 eurogatik hegaldia, aseguruak eta egun osoko txangoak ere estalita daude. Orbegozok aipatu duenez, Olazarko 37 bazkidek eman dute izena, eta bazkide ez diren debagoiendarrek dute orain apuntatzeko aukera.
Iraileko egitaraua ere prestatzen hasiak dira, eta, aurreratu dutenez, LGTBIQ kolektiboko kideren bat gonbidatzeko asmoa dute solasaldia egiteko. Eta, ohi bezala, Udalak antolatzen duen nagusien omenaldia ere hilabete horretan egingo dute.
Taberna zabaldu guran
Jakina denez, hilabeteak daramatzate erretiratuek taberna barik. Aste honetan batu dira jabegoa duen Udala eta Olazar elkartea, lizitazio berrirako pleguak adosteko. Orbegozok adierazi du sei hilabete inguruko prozesua izango dela, baina irailerako alokairuko kontratu motz baten bidez zabaltzeko asmoa dagoela, interesaturik agertuz gero: "Izan ere, taberna oso garrantzitsua da guretzat, eroso egoteko. Gaur egun, martitzenetan zabaltzen da, bingorako".