Jendea aurtengo jaiengatik "pozik" hurreratu zaiela adierazi du Edorta Barandiaran Kultura eta Jaietako zinegotziak, sanpedroak nola joan diren galdetuta. Era berean, desberdindu gura izan ditu aste barruko eta asteburuko egunak: "Asteazkenean eta ostegunean eguraldiak ez zigun askorik lagundu, zalantzak izan genituen programatutako zenbait ekitaldirekin aurrera jarraitzeko, baina guztiak garatu ziren, azkenean. Ostiralean eta zapatuan eguraldiak hobera egin zuen eta kaleak beteago igarri genituen, normala den bezala".
Parte hartzerik handiena asteburuko ekintzetan, gauetako dantzaldi eta kontzertuetan eta sokamuturrean egon zirela ere aipatu du Barandiaranek. Azken horri lotuta, segurtasunean eta antolakuntzan hobetzeko ekarpen batzuk jaso dituztela aitortu du, eta zera gaineratu: "Datorren urteko jaiak antolatzen hasten garenean baloratuko dugu sokamuturrarekin jarraitu edo ez, herritarren iritziak kontuan hartuta".