Lau batzorde informatzaile izango ditu Eskoriatzako Udalak, sei beharrean

Hasier Larrea 2023ko eka. 28a, 16:14

Atzo egin zuten Eskoriatzako udalbatza berria osatu osteko lehen osoko bilkura. EH Bilduk proposatu zuen alkatearen urteko soldata gordina 48.000 eurokoa izatea, eta onartu egin zuten, EAJren abstentzioarekin.

Eskoriatzako Udalaren lehengo funtzionamenduak aldaketak izango ditu hemendik aurrera, atzoko osoko bilkuran onartu zuten bezala. EH Bilduk proposatutakoak dira aldaketok, eta bozketetan EAJk ez du kontrako jarrerarik erakutsi, baiezko botoa edota abstentzioa eman baitie.

Besteak beste, sei batzorde informatzaile iraunkor izatetik laura pasako dira. Kirol eta Kultura batzordea desegin egingo da, kirol gaiak Gizarte Zerbitzuen batzordera lekualdatu dituztelako, eta kultura gaiak Hezkuntza, Euskara eta Gazteria batzordera. Horrez gain, Garapen Ekonomiko Jasangarriko gaiak Hirigintza, Mugikortasun eta Ingurumen batzorde informatzailean landuko dira hemendik aurrera. Aldaketarik egon ez den batzorde bakarra Pertsonal eta Ogasun arlokoa izan da, hortaz.

Jadanik udal bozeramaile kargua hartu duen Xabi Uriartek adierazi du aldaketa horiek barne antolaketa hobetzeko egin dituztela: "Bestalde, uste dugu EAJko lau ordezkariek errazago izango dutela batzordeetan parte hartzea, zinegotzi bakoitza batzorde batera joan ahal izango delako".

Hori horrela, EH Bilduko zinegotziek honako karguak izango dituzte:

  • Mikel Luengok Kirol, Ingurumen, Turismo eta Jasangarri energetikoko gaiak eroango ditu.
  • Xabier Uriartek Euskara, Komunikazioa, Parte hartzea, Jarduera ekonomikoa eta Merkataritzakoak.
  • Alaitz Oruetak Pertsonala, Ogasuna eta Kontuen batzorde berezikoak.
  • Dorleta Sologaistoak  Gizarte zerbitzu, Prebentzio, Berdintasun eta Osasunekoak. 
  • Edorta Barandiaranek Kultura eta Jaietakoak.
  • Irati Iglesiasek Hezkuntza eta Gazteriakoak.

EAJko ordezkariei dagokienez, Maite Uribek hartuko du parte Hirigintza batzordean, Josu Ezkurdiak Pertsonal eta Ogasun batzordean, Antonio Regañok Kultura batzordean eta Puri Regidorrek Gizarte eta Kirol batzordean. EH Bilduk hiruna ordezkari izango ditu batzorde bakoitzean.

Alkateak, 48.000 euroko soldata

Beste aldaketa garrantzitsu bat alkatearen dedikazio eta ordainsari erregimenean egon da. Edorta Zubizarretak 48.000 euroko soldata gordina jasoko du urtero, aurreko alkate Joserra Zubizarretak baino 20.000 euro gutxiago. Uriartek, udal bozeramaileak, esan du "baliabide gehiago" egongo direla beste kontu batzuetan gastatzeko. Alkatea izango da udal zereginetarako liberatu bakarra.

San Pedro eguna, jai eguna

Datorren urtean zapatuan izango da San Pedro eguna, ekainak 29, eta atzo aho batez onartu zuten Eskoriatzan jai egun izendatzea. Azkenik, hileroko osoko bilkurak, azken martitzenetan egin beharrean, azken ostegunetan egingo dituzte hemendik aurrera.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak