Rock con Ñ: "Jendeari eskatzen diguna ematen diogu: modaz pasatzen ez diren ereserkiak"

Hasier Larrea 2023ko eka. 26a, 12:02

80ko hamarkadatik aurrerako rockero madrildarrek osatzen dute Rock con Ñ taldea, Asfalto, Burning, Craneo, Topo eta Sangre Azul taldeetan ibilitakoek. Sanpedroetan joko dute, hilaren 29an, 22:30ean, Herriko Plazan.

Johan Cheka abeslariak eman digu Rock con Ñ taldearen berri. Ondo dakite zer den Euskal Herrian jotzea, Burlatan, Eibarren eta Bilbon, esaterako, egonak baitira pandemia eta gero.

Nolatan sortu zenuten proiektua?

Konfinamenduko elkarrizketa batetik irten zen dena. Craneoko Juanjo Melero eta biok aspertuta geunden, eta esan genuen: hau dena bukatzerakoan omenaldi bat egingo diogu gure buruari, aritu izan garen taldeetako adiskideekin lehengo garaiak gogoratuta. Egun hori 2021eko uztailean iritsi zen; kontzertu ikaragarria egin genuen, jendea sutan, eta bukaeran Los Suaves eta La Fugako managerra etorri zitzaigun esanaz hau ezin zela hemen geratu, jarraitu behar genuela. Gaur arte.

Abesti propiorik ba al duzue?

Rock con Ñ-k ez du kantu propiorik, baina, era berean, gure errepertorioa ibili izan garen taldeen eta gure adiskideen kantuek osatzen dute. Barricadakoak lagunak ditugu, Tahures Zurdos, Ramoncin, Baron Rojo... Euren baimenarekin lapurtzen dizkiegu abestiak.

Jendeak hori nahi baitu...

Argi dugu ez gaituztela abesti berriak jotzen ikusi nahi. Dias de escuela, No hay tregua, Sabado a la noche... horiek entzun nahi ditu, hasieratik bukaerara arte abestu, dena eman... Eta horixe bera ematen diegu guk.

80ko hamarkadan hazi zineten taldeek harreman ona duzue oraindik, ezta?

40 urte daramatzagu errepidean topo egiten. Madrilgo kontzertu batean Ramoncin igo zitzaigun oholtzara, Burlatan Tahuros Zurdos taldeko Aurora Beltran eta Barricadako Alfredo Piedrafita. Gure arteko batasunak hor dirau.

Madrildik honara arteko distantzia ez zaizue luzea irudituko...

Irrikaz joaten gara Euskal Herrira. Urte hasieran Eibarko antzokian izan ginen, eta sekulakoa izan zen. Adin guztietako publikoa bertaratu zitzaigun, hasieratik erakutsi ziguten jarrera sutsua. Eskoriatzan antzerako harrera espero dugu.

Zerbait berezia prestatuko duzue?

Beno, Eibarren abesti baten estrofa euskaraz abestera ausartu nintzen, eta eguenean hori baino gehixeago abesten saiatuko naiz. Ea ondo irteten den!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak