Musika eskaintza zabala txosnagunean aurten

Mikel Zumalde Etxabe 2023ko eka. 27a, 14:00

Taldea osatzen duten Eire Maia eta Eider Salegi. Argazkia: Badok

Eskoitzako Txosna Batzordeak kontzertu eskaintza zabala antolatu du San Pedro jaietarako; beste behin, bailarako taldeen aldeko apustua egin du. Eire bikote gipuzkoarra izango da plater nagusia; lehen aldiz izango da Eskoriatzan. 

Urtero moduan, Eskoitzako Txosna Batzordeak kontzertu eskaintza zabala antolatu du San Pedro jaietarako. Beti bezala, inguruko herrietako taldeen aldeko apustua egin dute, eta aurten bailarako hainbat taldek emango dituzte kontzertuak Santa Marinan egongo den txosnagunean: Rebel Noise, Perlata eta Txerrikumeak. Bost eguneko egitarauan, ekainaren 28tik uztailaren 1era arte ibilbide luzeko musikariak eta hasiberriak egongo dira. "Adin askotariko jendea ibili da egitaraua osatzen; gazteak zein ni bezalako zahartxoagoak", adierazi du Mikel Letonak, Eskoitzako Txosna Batzordeko kideak.

Musika eskaintza zabala

Egitaraua ekainaren 28an hasiko da, San Pedro egun bezperan. 01:00etan hasita, Andoni Moto DJa arduratuko da hurrengo egunetan etorriko denari ongietorria egiten. Egun horretan, gauean eta lehen aldiz, bikote-jokoa izango da. "Trago bakoitzarekin paper bat emango dute barran, eta haren bikotekidea topatu beharko da; esaterako, Zipi eta Zape", azaldu du Letonak. Kontzertu-sortari, baina, hurrengo egunean ekingo diote, ekainaren 29an (22:00).

Eta, beti bezala, bailarako taldeak igoko dira oholtza gainera: Arrasateko Perlata eta Rebel Noise taldeak; eskoriatzarrek eta aretxabaletarrek osatzen duten Oihu; eta, azkenik, Aretxabaletako Txerrikumeak taldea. Hurrengo egunean, hilaren 30ean, bailaratik kanpoko taldeen txanda izango da; urtero egoten den Lizartxo erromeria-taldeaz gain, lehen aldiz joko du Eskoriatzan Eire taldeak (22:00).

Eire Maiak eta Eider Salegik osatzen duten bikotearen aldeko apustua azaldu du Letonak. "Bilera batean, proposamen berri bat bezala bota zuten, eta jendeak gogo onez hartu zuen proposamena, zerbait ezberdin moduan", adierazi du. Jaietako azken egunean hainbat DJ arduratuko dira txosnaguneko giroa berotzeaz; 22:30ean hasita, Aretxabaletako Hotty Doggi arituko da; eta 00:45ean, Pon eta Pin bikote eskoriatzarrari pasako diote testigua. Ondoren, pintxada kolektiboa egongo da.

Kuadrillen arteko jolasa

Musika kontzertuez gain, hilaren 30ean, 17:00etan hasita, kuadrillen arteko bandera-jolasa egingo dute eskoriatzarrek. Hamargarren aldia izango da, eta, gainera, joko bereziak egongo direla aurreratu dute. Letonak jendea animatu nahi izan du: "Anima dadila jendea kuadrillen arteko jokoak egitera; giro ederra egoten da. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet lagundu digun jende guztiari". Gauzak horrela, guztia prest dago txosnagunean festak lehertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak