Kuadrillen arteko jolasak bailarako jaietan oso errotuta dauden ekitaldiak dira. Eskoriatzarrak ez dira gutxiago izango, eta adin edo eremu askotara egokitutako jolasak antolatu dituzte. Betiere, lagunen artean disfrutatzeko helburuarekin, giro ona eta tranparen bat edo beste ohikoak izaten dira. Ekainaren 28rako, arratsaldeko bostetan, haurren kuadrilla arteko jolasak antolatu dira San Pedro jaiei hasiera emateko, Zaldibar antzoki kanpoaldean. Parte hartu nahi duten zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrek Udalaren webgunean eman beharko dute izena. Horrez gainera, egubakoitzean, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte, gaztelekuan hasita, 18:00etan.
Txosnaguneko jolasak
Beste urte batez, Txosna Batzordeak kuadrillen arteko jolasak antolatu ditu hilaren 30erako. Egubakoitzean, 17:00etan, lagun taldeek lehiari ekingo diote eta era askotariko probei aurre egin beharko diete gazteek.