Atama arte martzialen eta borroka kirolen eskolaren zuzendariak hogei urte baino gehiago daramatza mundu horretan murgilduta. San Pedro jaiei hasiera emateko, ekainaren 28an pregoia irakurriko du.
Erantzukizun handia da jaietako pregoia egitea?
Ardura garrantzitsua da jaiei hasiera ematea; inoiz ez nuke imajinatuko horrelako zerbait egiteko aukera izango nuenik. Hunkigarria izango da herritarren egutegian gorriz markatua dagoen egun batean pregoia irakurtzea. Urte askoren ondoren, herriaren partetik aitortza garrantzitsua da taldearentzat. Oso eskertuta gaude herriari gugan jarritako konfiantzagatik.
Nola sentitu zinen pregoilari izendatu zintuztenean?
Hausnarketara bultzatu ninduen izendapen horrek. Oso harro sentitzeaz gain, nondik natorren eta nor naizen oroitu dut. Pena da balkoira igotzeko aukera soilik nik izatea. Gustatuko litzaidake taldeko kide guztiak han izatea, baina ezinezkoa da. Seguru aski, haiek plazan egongo dira festa giroan.
Nola pasako dituzu jaiak?
Urtero bezala, jaietan murgiltzeko gogoa dut. Bat gehiago izatea. Ekintzetan parte hartu, afariren bat edo beste egin eta gertuko jendearekin gozatu nahi dut. Pandemiaren ondoren jendea gogotsu dagoela hautematen dut eta seguru nago herriko kaleek itxura ezin hobea edukiko dutela. Hala ere, inoiz ez naiz parrandazalea izan eta etxera goiz itzultzea gustatzen zait. Adinak ez du barkatzen [Barre].
Zein izango da eskoriatzarrentzako mezua?
Beste edozeren gainetik, errespetua, tolerantzia eta enpatia aldarrikatu nahiko nuke. Festez gozatzeaz, baina zentzudunak izaten momentu oro. Horrez gain, Eskoriatza anitza ikustea gustatuko litzaidake. Denok elkarren artean erlazionatzea, sexu, adin, kolore eta ideologiez harago. Hori sentitzea benetan ederra izango litzateke.
Nolako itxura aurreikusten diozu plazari?
Ekitaldi garrantzitsua da herriarentzat; hortaz, jendez lepo egotea espero dut. Giro ona izango da nagusi. Dena dela, ez naiz horrelako egoeretan urduri jartzen den horietakoa, oso lasai nago. Irrikan nago balkoira igo eta herri oso baten babesa sentitzeko. Bizitza osorako eramango dudan oroitzapena izango da. Bide batez, Udalari ere eskerrak eman nahi dizkiot aukera hori emateagatik.
Zertan lagunduko dio taldeari aitortza horrek?
Gehienbat, herrian arte martzialei ikusgarritasuna eskaintzeko balio izatea espero dut. Kirol horrekiko dauden aurreiritzi negatiboak aldatzeko balio beharko luke. Erakusleiho bikaina izan daiteke jende gehiago kirol hori probatzera animatzeko; batik bat, emakumeak. Albiste bikaina litzateke neska gehiago ikustea taldean. Zeregin hori betetzeke dagoela uste dut.