Aurtengo San Pedro jaietan eskoriatzarrek ez dute aspertzeko astirik izango; izan ere, egitarau zabala prestatu dute. Hain zuzen ere, askotariko ekintzak izango dira, herritar guztiendako. Eskaintza zabal horrek parkourra, aire akrobaziak, harearekin egindako eskultura ikastaroa, arku tiroa erakustaldiak eta buztin tailerra biltzen ditu, besteak beste.
Punteria findu nahian
Iaz bezala, eskoriatzarrek aurten ere Axtroki arku tiro taldeko kideek antolatutako erakusketaz gozatzeko aukera izango dute. Arku tiroaren nondik norakoak ikasi nahi dituenak Ibarraundi museotik pasatu besterik ez du. Publikoak hainbat arku izango ditu erabilgarri.
Tela artean dantzan
Airean taldearekin, sabaira lotutako telen artean dantzan egiten duten artistek hilaren 30ean 19:30ean aire akrobazia erakustaldia egingo dute. Urte osoan entseatzen igaro ondoren, landutakoa "plazaratu" nahi dute Gorosarri plazan.
Salto eta jauzi
Goizerako, nerabeek eta gazteek harri eta oztopo batetik bestera jauzika ibiltzen ikasteko parkour tailerra antolatu dute, Gorosarri plazan, eguerdiko hamabietan. Antolatzaileek hiru ibilbide antolatu dituzte, bakoitzaren mailaren araberakoak. Horrez gainera, akrobazietan ere sakonduko dute, eta, horretarako, ohe elastikoak kokatuko dituzte. Goiza biribiltzeko, berriz, antolatzaileek erakustaldia egingo dute, 13:00etan, toki berean.
Hondarrezko artelanak
Hareazko eskulturak egiten ikasteko tailerra egongo da ekainaren 29an, Andoni Bastarrikaren eskutik, Ibarraundi museo kanpoaldean. Hondarrari forma ematea izango da helburua. Eskarmentu handiko artistak gazteei beharrezko jarraibideak eta materiala emango dizkie, nork bere artelana egin dezan.
Eskuak zikintzeko prest
Buztinate taldearen eskutik, buztin tailerra antolatu dute mundu horretan lehen esperientzia izan nahi dutenentzat: San Pedro egunean, eguerdiko hamabietan hasita, Ibarraundi museoan.