Irakasleen laguntzarekin jarduteko sei kirol modalitate eskainiko ditu Eskoriatzako Udalak Manuel Muñoz kiroldegian uztailean zehar. Oraindik ikastaro guztietan eman daiteke izena, ekainaren 27ra arte. Horretarako, bi modu daude: kiroldegira deitu edo bertaratzea; eta egoitza elektronikoaren bidez apuntatzea.
Txikienentzat, igeriketa
Barruko igerilekua 5 eta 12 urte arteko haurrek erabiliko dute gehien. Hasiberriek oinarrizko igeriketa ikastaroari atera diezaiokete etekina eta gutxieneko maila dutenek, ikastaro aurreratuari. Modu intentsiboan parte hartzekoak dira biak, astelehenetik ostegunera, arratsaldero baitaude igeriketa eskolak, 17:30etik 18:30era hasiberrientzako eta 18:30etik 19:30era aurreratuentzako. Eskola horiek bi aste iraungo dute; hortaz, neska-mutilak zortzi orduz ibiliko dira uretan.
Aquagyma ere bai
12 urtetik gorakoen igerilekuko eskaintzari dagokionez, asteazken eta ostiral goizetan 09:30etik 10:30era daude programatuta aquagym saioak. Kiroldegitik adierazi dutenez, "harrera ona" izan ohi duen modalitatea da: "Musikaren erritmora gorputza eta erresistentzia lantzeko aproposa da".
TALDEAK OSATZEKO GUTXIENEKO KOPURUA BETE BEHAR DELA ADIERAZI DUTE KIROLDEGITIK
Lehorreko saioak
Aerobika eta dantza uztartzea gustuko dutenek zumba saioak dituzte eskura. Goizeko eta arratsaldeko talde bana antolatuko dute alor horretan, ikastaroak astelehen eta eguaztenetan 09:30etik 10:30era eta martitzen eta eguenetan 17:30etik 18:30era programatu baitituzte. Aldiz, gimnasia, balleta eta yoga nahastu gura dituenak pilates saioetan eman dezake izena. Goizeko txandak martitzen eta eguenetan izango dira, 09:30etik 10:30era, eta arratsaldekoak astelehen eta eguaztenetan, 18:00etatik 19:00etara bitartean.
Gantza kentzeko eta indarra hartzeko beste modu bat body tonoa praktikatzea da. Barrak eta diskoak altxatzean datza, eta, proba egin nahi izanez gero, ikastaroak astelehen eta eguaztenetan 19:00etatik 20:00etara izango dira.
Azkenik, barruko txirrindularitza edo ziklo indoor delakoa ere aukera daiteke. Aktibitate horretarako egokitutako bizikleta estatikoekin egiten da, eta arlo kardiobaskularra lantzea du ardatz. Saio horiek martitzen eta eguenetan izango dira, 10:30etik 11:30era, batetik, eta 18:00etatik 19:00etara, bestetik.
Bestela, ohiko ordutegian egongo da zabalik kiroldegia uztailean.