Erotzeko moduko uda zain dute gaztetxoek

Hasier Larrea 2023ko eka. 16a, 09:06

2019ko Udaero programako partaideak, gogotsu.

12 eta 16 urte arteko neska-mutilek bihar, zapatua, dute azken eguna gaztelekuak antolatzen duen Udaero programan izena emateko. Uztaileko lehen hiru asteetan izango da, hainbat irteera eta hiru eguneko Gaztekonkis lehiaketa tarteko.

Aurtengo Udaero egitarauak sei ekimen dakartza, denera, zein baino zein erakargarriagoak. Uztailaren 4an ekintza bikoitzarekin emango diote hasiera, Galarretan paintballean jokatuz eta Landan egun-pasa eginaz. Uztailaren 6an mendi-irteera egingo dute Santa Lutzi baselizara, izarrak ikusteko. 10eko arratsaldean, ostera, Gaztainaduira joango dira bizikletan, bainua hartzera; 12an, egun osoz, Mutrikuko igerileku naturalera; eta 14an afari-merienda egingo dute gaztelekuan bertan. Ekitaldi guztietan izena ematen duenak 35 euroko prezio bateratua ordainduko du; bestela, uztailaren 4ko irteerak 30 euro balio du eta 12koak, 10 euro. Hain justu, bi ekintza horiek Aretxabaletako gaztelekukoekin batera egingo dituzte.

Gaztekonkis Elosuan

Aurreko aldietako arrakasta ikusita, aurten ere Gaztekonkis lehiaketan parte hartu ahalko dute Eskoriatzako nerabeek. "Beti eskatzen digute errepikatzea; funtsean, ETB2ko lehiaketa-programaren antzera funtzionatzen du, parte-hartzaileak taldetan banatuta eta beste taldeekin batera hainbat probatan lehiatuta", azaldu dute gaztelekutik. Hala, uztailaren 18tik 20ra, hiru egunez joango dira konkistatzaileak Bergarako Elosua auzora, oraingoan ere Aretxabaletako Gaztelekuko deialdiko partaideekin, 35 euroko prezioan. Esan bezala, ekainaren 18a da edozein ekitalditan apuntatzeko azken eguna, gaztelekura bertaratuta edo 688 84 38 21 telefonora hots eginda.

Azken merienda gaur

Hain justu, gaur bertan, ostirala, emango dute amaitutzat ikasturtea, azken ostiralotan sarri egin izan duten jatordu batekin. Merienda egiteaz gain, jolasak eta urteko errepasoa izango dituzte hizpide, 17:00etan hasita. Horiez gain, arratsaldean zehar musikaz eta ekintza bereziz betetako egitaraua izango dute gaztelekura urtean zehar joan izan diren 12 eta 16 urte arteko erabiltzaileek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak