Emozioz betetako asteak izaten dabiltza hauek Julen Arriolabengoarendako, Eskoriatzakoa Euskaldun txapelketako lidergoa defendatzeko saltsan dabilelako. Eta, hain zuzen, zapatuan du txapelketako azken lasterketa, Tolosan. Arriolabengoa sasoi puntu onean iritsiko da hitzordura; are gehiago, joan den asteburuan jokatu zuten Nafarroako Itzulian denetariko esperientziak bizi eta gero: "Egubakoitzeko etapan erorikoa izan nuen eta hala-moduz iritsi nintzen helmugara. Arratsaldea ospitalean eman genuen, plakak egiteko zain, eta, ezer hautsita ez neukala ikusita, zapatuko etapa laua zenez errekuperatzeko erabili nuen".
Bada, bistan da eskoriatzarra ondo errekuperatu zela, domekako etapan garaipenerako esprintean sartu zen eta: "Helmugako argazkian ikusi zen gurpil erdiagatik joan zitzaidala garaipena. Alde batetik, pena ematen dizu horren gutxigatik irabazi ez izanak, baina, bestetik, jakinda pare bat egun lehenago ospitalean geundela... konfiantza eman dit horrek".
Biharko lasterketara begira, Arriolabengoa baikor dago: "Lasterketa irabazteko asmoarekin irtengo naiz, baina buruaz jokatu beharko dugu, Iker Mintegi zortzi puntura daukat eta. Azken mendatean, Altzon, igotzaileok egingo dugu aurrera, eta saiatu beharko dut Mintegi lotuta izaten".