Sanpedroak ate joka, betiko moduan ospatzeko osagai guztiekin

Hasier Larrea 2023ko eka. 14a, 11:29

Ekainaren 28tik uztailaren 1era, ohi bezala, ospatuko dituzte eskoriatzarrek herriko jaiak. Berrikuntzen artean, haurren danborrada berreskuratu eta sokamuturra egingo dute. Herri bazkarirako tiketak kalean daude dagoeneko.

Eskoriatzako Udalak eta Eskoitzako Txosna Batzordeak gaur eman dute sanpedroetarako egitarau osoaren berri. Iaz, pandemia-ostea izanda, jaiak bost egunez luzatu baziren ere, aurten betiko egutegian ospatuko dira, lau egunez jarraian, ekainaren 28tik uztailaren 1era, asteazken, ostegun, ostiral eta zapatuan.

Udaletik adierazi dute "egunero" egongo direla heldu, gazte, nerabe eta haurrentzako ekintzak. Nabarmentzekoen artean, 2019tik egin ez den haurren danborrada hilaren 29an egingo dela –30ean egiten zen lehen–, 30 urteren ostean sokamuturra antolatu dela erdigunean –ekainaren 29an, 08:00etik 10:00etara izango da–, eta uztailaren 1eko herri bazkaria Santa Marina plaza eta Zaldibar aparkalekuaren artean dagoen plazatxora lekualdatu dela –txartelak dagoeneko salgai daude Inkernu, Urrestilla eta O'Dogherti tabernetan–.

Musika emanaldiei dagokienez, Rock Con Ñ talde entzutetsuak joko du ekainaren 29an, 22:30ean, Los Tenampas mariatxi hiruoteak hurrengo egunean, 13:00etan, eta Oxabi erromeriak uztailak 1ean, 23:00etan.

Txosnagunekoa ere, prest

Eskoitzako Txosna Batzordeak ere lau eguneko egitaraua kaleratu du. Eguaztenean, 18:00etan irekiko dute txosnagunea, eta egunez egun musika emanaldi ugarik girotuko dituzte gauak; hala-nola, DJ Moto, Oihu, Txerrikumeak, Perlata, Rebel Noise, Lizartxo eta Hotty Doggy moduko taldeez gozatu ahalko dute festazaleek. Aurten, gainera, kuadrillen arteko Bandera jolasa hamargarren aldiz egingo dute, joko bereziekin.

App-ean eta buzoian

Egitarau osoa aste honetan zehar atarteetako buzoietan banatzen joango dira. Bestalde, Eskoriatza sakelako aplikazioa eguneratu egin dute, beraz,  lehendik deskargatuta duenak, desinstalatu egin beharko du eta berria instalatu. Hala, "ziurrenik aste honetan zehar", sanpedroetako egitaraua ikusgai egongo da hor, eta antolakuntzak egitarauan aldaketarik edo eginez gero, aplikazioan aldaketa horien berri emango duen abisua jasoko da.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak