Bihar, martitzena, 17:30ean, ate-irekiera jardunaldia egitea zegoen aurreikusita Herriko Plazan, instrumentuak aterata eta herritarrei probatzeko aukera emanda. Eguraldiagatik, badaezpada, ekainaren 21era atzeratu dituzte aire libreko ate-irekiak. Hala ere, aukera egongo da musika eskola barruan gitarran, txirulan eta gela birtualean oinarritutako eskolen berri jakiteko.
Etzi, eguaztena, ikasleek kantu-entzunaldia egingo dute Ibarraundi museoan, 17:30ean hasita. Ostegunean, bestalde, musika eskolako piano-joleen entzunaldia jarraitzeko aukera egongo da Ibarraundin, 18:00etan hasita. Une berean, Zaldibar antzokian, gitarra eta metalezko haize-instrumentuen emanaldia egingo dute.
Horiek datozen egunetarako antolatutakoak, datorren astean ere musika doinuz beteko baitute Santa Marina plaza, ikasturte bukaerako emanaldiaren bidez. Ekitaldi hori hilaren 20an izango da, martitzena, 18:00etan hasita.