Joan den asteburuan, Arizmendi Ikastolak antolatutako Ferixie izan zen protagonista, eta asteburu honetan Eskoriatzako eskola publikoari tokatuko zaio erdiguneko kaleak kolorez eta poztasunez margotzea. Hasiak dira dagoeneko ospakizunekin, Aste Kulturalaren bitartez. "Joan den astean gozogintza tailerra egin genuen, pertsona erreferenteak eskolara etorri ziren eta azokan ere postua jartzeko aukera izan genuen; aste honetan, berriz, kultura diziplina ugariri heldu diete neska-mutilek", azaldu du Maitane Gomez de Segurak, Luis Ezeiza ikastetxeko zuzendariak.
Antzezlanez antzezlan
Hala, Lehen Hezkuntzako ikasleek azken hilabeteotan landutako antzezlanak aurkeztu dituzte egunotan, "ikasturte bukaera aukera ona izaten baita egindako lanak plazaratzeko". Martitzenean, 2. eta 3. mailetakoen txanda izan zen, eta atzo, osteguna, 5. eta 6. mailetakoena. Asteazkenean, gainera, Arrasate Herri eskolakoak joan ziren 6. mailakoen txotxongilo-emanaldia zuzenean jarraitzera, baita Kurtzebarrikoak ere 2. mailakoen antzerkia ikustera.
Ipuinak, hainbat hizkuntzatan
Gaur, ostirala, berriz, ipuinetan jarriko dute arreta, eta kontalariak eskola komunitatea osatzen duten kideak izango dira, gainera; kasu horretan, gurasoak. Gomez de Segurak zera adierazi du: "Gustatzen zaigu eragile horiek eskolara gonbidatzea; oraingoan, ipuinak hainbat hizkuntzatan kontatzera etorriko dira: hassanieraz, polonieraz, gazteleraz, euskaraz... egingo dituzte kontaketak". Horren ostean, ipuinen inguruko jolasak egingo dituzte, eta, eguna borobiltzeko, 6. mailakoak Haur Hezkuntzara joango dira jolasak egitera.
LUIS EZEIZA ESKOLAN EGITEN DUTEN LANA HERRIRA ZABALTZEKO EGUNA IZANGO DA ZAPATUKOA
Biharko egitaraua
Zapatua izango da, azkenik, astea borobiltzeko unea: 10:00etan, txupina bota eta musikak lagundutako kalejiran irtengo dira herri eskolako kideak; 11:00etan, ikasleek ikuskizuna egingo dute Herriko Plazan; eta, handik ordu erdira, tailerretan eta jolasetan parte hartzeari ekingo diote; 13:00etan, buruhandiengandik ihes egiten saiatuko dira; eta 14:00etan eskolako arkupeetan egingo duten herri bazkarian beteko dute sabela. Bazkalostea euskal kantekin eta bingoarekin girotutakoa izateaz gain, puzgarrietan dibertitzeko aukera egongo da. Amaitzeko, 18:00etarako, apar festa eta 18:30 DJa daude programatuta.