Astelehenean, 19:00etan, elkarri besarkadak ematen hasiko dute egitaraua, Herriko Plazan. "Dohainik egiten diren keinu txikiak dira besarkadak, eta ematea kostatu egiten zaigu, hala ere", azaldu du urtero Chiapas aldera joan ohi den Iurre Romaratezabala antolatzaileak.
Ildo beretik, martitzenean Carlos Taibok Errusiaren eta Ukrainaren arteko tirabirak azalduko ditu kultur etxean, 17:30ean. Eguaztenean, kalejira egingo dute, 17:00etan, Jose Aranako egoiliarrekin, eta 18:00etan, Herriko Plazan, haurrentzako piñata-jolasa eta Mai malabaristaren ikuskizuna egongo dira. Eguenean, 17:00etan, mural parte hartzailea margotuko dute Mutiko Kristalekin, eta 20:00etan, Txiki bakarrizketariak barrea eragingo du Inkernun.
Ostiraleko piñata-tailerraren eta Bixentak taldearen kontzertuaren ondoren, zapatuan azoka, herri bazkaria eta jokoak egingo dituzte.