Amuarrain-errezetak prestatzen maisu Bittor Barandiaran

Hasier Larrea 2023ko eka. 9a, 10:20

Ezker-eskuin, Bittor Barandiaran eta Iker Suso, sariaz gozatzen (Argazkia:EFE).

Kanpezuko (Araba) Arrea! jatetxeko sukaldari eskoriatzarra hirugarren geratu da Leonen egiten den Espainiako Amuarrain Lehiaketan. Barandiaranen esanetan, azken sei hilabeteak "sekulakoak" izaten ari dira, abenduan Michelin izarra lortu baitzuten.

Bittor Barandiaranek ez zekien Espainia mailan amuarrainen gastronomia lehiaketa egiten zenik ere, baina, antza, sukaldaritza txapelketa zaharrenetakoa da Leonen egiten den hori, aurten 57. aldiz antolatu dute eta. Arrea! jatetxeko ugazabari eman zioten deialdiaren berri, eta hark eskoriatzarrari enkargatu zion egitekoa. "Jatetxean arrainen sailaz arduratzen naizenez, erronka bota zidan, eta nik onartu", dio Barandiaranek.

Sailkatze-proba gainditzea lortu, eta hiru platereko sekuentzia aurkeztu zuen astelehenean jokatutako finalean. "Lehenengo errezeta amuarrainaren azalarekin egindako sandwich mokadutxo bat da; bigarrena, bizkarrezurreko hezur eta haragiekin osatutako kontsomea; eta hirugarrenak ukitu asiarra dauka, arrainaren okela laminatan zatitu, biribilkiak egin eta tako estiloan aurkeztu baititugu", azaldu du sukaldariak.

Argazkia: Leonoticias.com.

Arrea!-ko filosofiarekin bat

Finaleko hamabi partaideen artean, epaimahaiari hirugarren saria emateko modukoa iruditu zitzaion Michelin izarra duen jatetxeko kideen proposamena. Elaborazioan, Kanpezura aro industriala iritsi aurreko kultura errespetatu gura izan dutela aipatu du Barandiaranek: "Gure jatetxearen oinarri-oinarrizko ideia da; mendiko, errekako eta uzta-bilketako produktuak baino ez ditugu erabiltzen, baita sojaren antzeko saltsak egiteko ere".

Lagunen arteko elkarlana

Sukaldariak Arrea!-ko lankide Iker Susoren laguntza izan du prozesu osoan, eta, horrez gain, platerak txukun aurkezteko June Larzabal lagunarengana jo du. "Ilusioa egiten zidan errezetak hark egindako plateretan aurkezteak, eta saria jasotzeak asko pozten nau harengatik ere", dio Barandiaranek. Sari bikoitza, beraz, eskoriatzarrek irabazi dutena.

Platerak, errekako harriekin eginak

June Larzabal zeramikaria Irlandan zegoen egonaldia egiten Barandiaranek platerak egiteko eskatu zionean: "Amuarrainak errekan ibiltzen direnez, hango harriekin egindako platerak gura zituela azaldu zidan, eta halaxe egin nuen: harriak molde bezala erabili eta tailerrean landu. Ontzi-joko bat bidali nion lehenengo, eta gero, beste sei"., azaldu du Larzabalek.

Larzabalen platerak, amuarrain-errezeten aurkezpenerako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak